Albisteak -

41. urtemuga

Martxoaren 3ko sarraskiaren inpunitatea salatu du berriro Gasteizek

Ekitaldi nagusia arratsaldean egingo dute. Biktimen aldeko monolitoan omenaldia eta manifestazioa antolatu ditu Martxoak 3 elkarteak.

Iaz milaka izan ziren martxoaren 3ko monolitora hurbildu ziren lagunak. EFE
Martxoaren 3ko monolitoa. EFE
41 urte pasa dira martxoaren 3ko sarraskitik

1:29

Agentziak | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi politiko eta sindikatuek, biktimen senitartekoekin eta herritarrekin batera, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen, polizia-karga baten ondorioz, hil ziren bost langileak omendu dituzte, haien oroimenez jarritako monolitoan egin diren zenbait lore-eskaintzaren bidez, gertakarien 41. urteurrena bete den honetan.

Izan ere, egun hartan, Zaramagako San Frantzisko elizan langileen protesta batean parte hartzen ari ziren bost pertsona hil zituen tiroz Espainiako Polizia Armatuak. Hildakoez gain, ehunka lagun zauritu zituzten sarraskian. Langileek hilabeteak zeramatzaten greban, eta Gasteizko elizan batzarra egiten ari zirela, Polizia indarrez sartu eta oldartu zitzaien. Handik egun batzuetara, protestak izan ziren hainbat herritan, eta beste bi lagun hil zituzten Basaurin (Bizkaia) eta Tarragonan egindakoetan.

Zigorgabetasuna salatzeko aldarria are ozenago entzun da aurten, berriki Arabako erakundeek aurkeztutako kereila artxibatzea erabaki baitu Gasteizko epaitegi batek. Epailearen ustez, 1976ko gertakariak preskribatuta daude, eta, beraz, ezin dira gizateriaren kontrako delitutzat jo. Hain justu, inpunitatea salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Arabako hiriburuan, Martxoak 3 elkarteak deituta.

Goizean egindako omenaldi-ekitaldi jendetsuena EH Bilduk deituta egin dena izan da. Bertan, Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusiak parte hartu du, eta biktimen senitartekoak ere bertan izan dira.

Otegik, 41 urteren ostean, egintza horien aurrean egon de "inpunitatea" salatu du. Bere aburuz, ez zen polizia gehiegikeria hutsa izan, baizik eta ?aurretiaz prestatutako estrategia bat, mezu argi eta garbia igorri nahi izan baitzen, ez bakarrik Euskal Herriko herritar eta langileei, baita Estatu osokoei ere?.

Gaineratu duenez, "frankismoaren erreformatik eratorritako demokraziaren mugak ezartzen saiatu ziren: herrientzako askatasunik eskaintzen ez zuen demokrazia, zalantzan jar ezin zitekeen sistema ekonomikoan oinarrituta zegoena".

Xede horrekin, 1976ko martxoaren 3an "herritar guztientzat eredu-lanak egingo zituen zigor-operazio bat jarri zen martxan Gasteizen", azaldu du Otegik.

Idoia Mendia Euskadiko Alderdi Sozialisten idazkari nagusiak lore-eskaintza egin du monolito beraren aurrean, baina bereizita egin den beste ekitaldi batean.

Mendiak espero du antzeko gertakaririk "sekula ez gertatzea berriro", eta, ohartarazi duenaren arabera, azken aldian "atzerako urratsak eman dira" manifestazio- eta greba- eskubideei dagokienez, Herritarren Segurtasun Legeak, (Mozal Legea izenarekin ezagutzen denak) jasotzen dituen murriztapenei erreferentzia eginez.

"Kasu mingarriak ikusi ditugu Espainian azken lau urte hauetan, eta gaur bereziki langileen eskubideak aldarrikatu behar dira", adierazi du kazetarien aurrean.

Ezker Anitza-IU alderdiak bat egin du Euskadiko CCOO sindikatuak antolatutako lore-eskaintzarekin. Unai Sordo sindikatu horretako idazkari nagusiak dagokion garrantzia aitortu nahi izan dio askatasun demokratikoak lortze aldera trantsizioan "langile-mugimenduak egindako lanari".

Baieztatu duenez, "martxoaren 3ko hilketek zerikusi handia izan zuten Franco gabe frankismoak jarrai zezala nahi zuen Arias Navarroren Gobernuaren erortzearekin".

LAB sindikatuak ere biktima horiek omendu ditu, baina beste ekitaldi batean, eta "oroimenean iraungitzen ez den gizateriaren aurkako krimen" gisa hartu du gertakaria, Gotzon Kortazar sindikatu bozeramailearen hitzetan.

"Errepresio hark herria sarraskitu nahi izan zuen, frankismoarekin benetako haustura egon zedila saihesteko eta langileen aldeko aldaketa sakonak egon zitezela ekiditeko", esan du sindikalistak.

Ekitaldi nagusia, baina, arratsaldean (18:30) egingo dute. Omenaldia egingo diete biktimei monolitoaren aurrean, Gasteizko Zaramaga auzoan. Ordu erdi geroago, manifestazioa egingo dute.

Biharamunean, martxoaren 4an, Madrilen amaituko dituzte aurtengo ekitaldiak. "Memoriaren eta Justiziaren aldeko Hiriak" lelopean, jardunaldiak antolatu dituzte, eta "Llach, La Revolta Permanent" dokumentala eskainiko dute. Ondoren, solasean arituko dira Andoni Txasko elkarteko bozeramailea, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Lluis Llach kantaria eta Jaume Roures dokumentalaren ekoizlea.

Eusko Jaurlaritzaren babes "etengabea"

Eusko Legebiltzarrean Kontrolerako saioa egiteko eguna dute gaurkoa, eta hara ere heldu da auzia, EH Bilduk egindako galdera baten bidez. Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu duenez, Jaurlaritzak sarraskiaren biktimei erakutsitako babesa "agerikoa eta etengabea izan da eta izango da".

Era berean, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin biltzea eskatu du gaur. Martxoaren 3ko biktimengatik Gobernuak "barkamena eskatzea" da Urtaranek Rajoyri igorritako eskaria, "justizia egiteko" eta "duintasuna" erreparatzeko modu bat legez, orain arte egindakoa ez baita nahikoa, bere iritziz. "Polizia Gobernuaren ardura da, eta, azken buruan, gobernu hori martxoaren 3ko gertakari izugarrien arduraduna da", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Araba Eusko Legebiltzarra albisteak EH Bildu Gipuzkoa Gasteiz berriak Urtemuga martxoak 3