1976ko Martxoak 3 -

urteurrena

Zaramaga, langileen borrokaren ikur 40 urte geroago

Bost langile hil zituzten zoritxarreko egun hartan, duela 40 urte. Espainiako Poliziak sarraskia egin zuen San Frantzisko elizaren inguruan.

Martxoaren 3ko biktimen senitartekoak Zaramagako (Gasteiz) horma-irudian. Argazkia: EFE
Martxoaren 3ko biktimen senitartekoak Zaramagako (Gasteiz) horma-irudian. Argazkia: EFE
Ibilbide artistikoa Gasteizen, martxoaren 3koa salatzeko

0:21

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaramaga auzoa Gasteizko langileen borrokaren ikurra da, eta atzotik memoriaren museoa ere. Ibilbide artistiko batek 1976ko martxoaren 3an hildako bost langileak gogoraraziko ditu. “Aldaketa sozial sakoneko amets gorriak eta amesgaizto grisak” deskribatzen ditu ibilbideak.

Juan Ibarrondo idazleak egin du ekimenaren gidoia, eta Txaro Arrazola, Irantzu Lekue, Sandra Santos, Veronica Werckmeister eta Marta Gil artisten obrek Zaramagako auzoaren balioak irudikatu dituzte: erresistentzia, elkartasuna eta langile borroka. Ibilbidea Martxoak 3 Biktimen Elkarteak bultzatu du.

Senitartekoek eta biktimek atzo aurkeztu zuten ibilbidea. Espainiako Poliziak sarraskia egin zuen duela 40 urte San Frantzisko elizaren inguruan, Gasteizen. Milaka langile batzarra egiten ari ziren hiru eguneko greba orokorrean.

Zoritxarreko egun hartako irudiak gogorarazten ditu etxebizitza baten horman pintatutako obrak. Bost langile hil eta 100 baino gehiago zauritu zituen Espainiako Poliziak.

Sarraskiaren egunean bertan norbaitek biktimen odolarekin lurrean idatzitakoa gogorarazten du “justizia” hitzak, gorriz.

“Historiako jipoirik handiena"

Eliza “gaseztatzeko” agindua eman zuen Poliziako buruzagi batek. Grabazioaren zati bat jasotzen du horma-pinturak. 2.000 tiro baino gehiago egin zituztela jakinarazi zioten poliziek buruzagiari. Gainera, “historiako jipoirik handiena emateko” lagundu zutela adierazi zuten.

“Hau erabateko gerra da, munizioa agortzen ari zaigu”, esan zuen ‘gris’ batek  Zaramagan, duela 40 urteko martxoaren 3 hartan.

Forjas Alavesas enpresako lantegia auzoaren erdigunea bezala kokatzen du ibilbideak; orain merkataritza-gune bat dago bertan. Fenomenoa Gasteizko beste barruti batzuetan errepikatzen zen; izan ere, biztanle gehienak industriatik bizi ziren. Horregatik, beste erkidegoetako familia asko Arabako hiriburura etorri ziren, etorkizun hobeago baten bila.

Oso gertu Michelinen lantegia dago. Frankismoaren amaieran, lehen grebak bertan egin zituzten, 76 protesta-oldearen bezperan.

Gasteizko langileek sarraskian bukatu zen “matxinada” bat egin behar zutenik inork gutxik aurreikusi zezakeen, memoriako ibilbideak ohartarazten duenez. Espainian aldaketa politikoak eta sozialak eskatzen ari ziren.

Emakume langileen paper erabakigarria

Bestalde, Gasteizko grebetan emakumeek izan zuten papera goraipatzen du ibilbideak; izan ere, nesken futbol norgehiagoka bat antolatzera heldu ziren. Helburua erresistentzi kutxak zabaltzeko dirua biltzea zen, baina emakumeen futbola gauza berria zen garai hartan.

Egoerak okerrera egin zuenean eta Gobernua grebekin bukatzen saiatu zenean, “Gasteizko emakume langileek borroka eta erresistentzia gaitasun handia azaldu zuten”.

Ibilbidea larunbatetan eta beste bi egunean egiteko aukera izango dute bisitariek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Gasteiz Martxoak 3 Polizia indarkeriari buruzko albisteak Frankismoari buruzko albisteak Memoria Historikoa Zaramaga gaur