Politika -

Nafarroako Kutxa auzia

Luxuzko aulkiak, perfume esklusiboa... Honela xahutu zuten dirua CANen

Nafarroako Kutxako arduradunek perfume esklusibo bat sortzea eskatu zuten, bulego guztiek usain berezia izan zezaten.

Auzitegi Nazionalak Nafarroako kutxaren afera ikertuko du

1:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tantaka gero eta informazio gehiago dago Nafarroako Kutxa (CAN) auziaren inguruan, erakundearen balioa hiru urtean 1.200 milioi eurokoa izatetik 180 milioi eurokoa izatera zergatik pasatu den hobeto ulertzeko.

Radio Euskadik azaldu duenez, CANeko arduradunek 5.000 euroko aulkiak erosi zituzten, eta perfume esklusibo bat sortzea eskatu zuten.

Hain zuzen ere, aulkiak Fritz Hansen enpresak diseinatutakoak ziren, eta CANeko goi-kargudunen bulegoetan eta bilera-aretoetan erabiltzen zituzten. Aulki bakoitzak 3.000 eta 5.000 arteko balioa zuen.

Erakundearen arduradunek, gainera, CANen bulego guztiek usain esklusiboa izatea nahi izan zuten, eta, hori helburu, perfume bat sortzea eskatu zioten Dario Sirerol perfume-sortzaileari.

Horrek "Aromacan" izeneko perfumea sortu zuen, kutxako bezeroak "leial bihurtzeko". "Usaimenarekin, ukimenarekin eta dastamenarekin erabakiak hartzen dira, modu subliminalean bada ere", esan zuen Sirerolek, duela ia bost urte perfumea aurkeztu zuenean.

Luxuzko bidaiak Parisera

Urtarrilaren amaieran, bezeroen diruekin Nafarroako Kutxako goi-kargudunek Parisera luxuzko bidaiak egin zituztela salatu zuen Kontuz plataformak.

Kontuzen arabera, bidaiak Iñigo Alli Nafarroako Gobernuko Politika Sozialetako kontseilariak antolatu zituen, CANeko zuzendaritza taldeko kide zenean.

Horra plataformak emandako datuak: Allik 20 helikoptero alokatu egin ei zituen Parisen, 120 gonbidatuk hiria zerutik ikus zezaten.

Aipatu iturrien arabera, gonbidatuak hegazkin pribatu batean joan ziren Noaineko aireportutik Parisera, han bost izarretako hoteletan hartu zuten ostatu, otorduak ospe handiko jatetxeetan egin zituzten, eta helikopteroz joan ziren Paris zerutik ikusteko.

Gonbidatu horiek enpresaburuak, Nafarroako Aurrezki Kutxako zuzendaritza taldeko kideak eta horien bikotekideak omen ziren.

Enrique Goñi CANeko zuzendari ohiak agerraldia egingo du asteartean Nafarroako Parlamentuan, azalpenak emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea