Politika -

Nafarrate auzia

'Ikerketa gabezia izugarria' salatu du Xuban Nafarrateren aitak

Joseba Nafarratek agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko batzordean, EH Bilduk deituta. Bertan, auzia artxibatzeko epaileak hartutako erabakiaren kontra helegitea jarri dutela azaldu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Nafarrate Xuban Nafarrateren aitak 'ikerketa gabezia izugarria' salatu du astelehen honetan Eusko Legebiltzarreko batzordean, eta bere semearen zauriak ertzain batek jaurtikitako pilota batek eragin zituela berretsi du EH Bilduk deituta batzorde horretan egin duen agerraldian.

2012ko martxoaren 29ko greba orokorrean jasandako zaurien ondorioz, ospitalean egon Xuban Nafarrate, eta Ertzaintzaren kontra salaketa jarri zuen familiak, zauriak Ertzaintzak jaurtikitako pilota batek eragin zituela salatuz.

Epaileak, baina, salaketa artxibatu zuen, zauriak kautxuzko pilota batekin bat ez zetozelakoan eta estropezu egin ondoren hartutako kolpe batekin bat zetozela argudiatuta.

Epailearen erabaki horren kontra helegitea jarri dutela azaldu du gaur Joseba Nafarratek.

Halaber, ''ikerketa gabezia izugarria'' egon dela eta bere semea desordena publikoa egotzita inputatu izana salatu du, haren ustez Xuban ez baita ''gaizkile zakarra''.

"Auzitegiko prozesuak ez du egia argitzeko balio izan. Gure salaketa behin-behinean itxi dute, eta ez da egon ikerketa tekniko, zorrotz eta independenterik'', esan du.

Familiak epaitegian aurkeztutako bideoa Legebiltzarreko batzordera eraman du Nafarratek. Xubanen aitak salatu duenez, epaileak ikusi zuen bideoa ez zen hori berau izan, Ertzaintzak ''diskurtso faltsu bat'' eraikitzeko asmoz egindako ''edizio interesatu eta bidegabeko bat baino''.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea