Bake prozesua -

Espetxe politika

Estrasburgok 'Parot doktrina' baliogabetzearen alde egingo du

Joaquin Gimenez Auzitegi Goreneko epaileak aurrez ikusi duenez, erabakia "hartuta" dago, eta orain "epaia idazten" ari dira.

Ines del Rio ETAko presoa. EFE
Ines del Rio ETAko presoa. EFE
Estrasburgok 'Parot doktrina' baliogabetzearen alde egingo du

1:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 'Parot doktrina' baliogabetzearen alde egingo du, Joaquin Gimenez Espainiako Auzitegi Goreneko 2. zenbakiko aretoko epaileak aurrez ikusi duenez.

Espainiako politikariak eta epaileak 'Parot doktrina' amaitu egingo dela onartzen hasi dira. Horren erakusle, Mariano Rajoyren Gobernuaren aldekoak diren bi egunkarik, La Razon-ek eta ABC-k, eta Ser irrati kateak gaur filtratu duten albistea: Estrasburgok doktrina hori baliogabetzea erabaki du, eta hurrengo egunetan jakinaraziko du.

Gimenez epailea bide beretik ibili da, bere ustez "erabakia hartuta" dagoela eta une honetan "epaia idazten" ari direla adierazi baitu, "Ganbara" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketa batean.

Europako justiziaren erabakia irmoa eta behin betikoa izango da, eta espetxealdia luzatu zieten dozenaka preso aske geratzea ekarriko luke.

Erabaki horrekin, Estrasburgok berretsi egingo luke iaz Europako Auzitegiaren hirugarren aretoak hartutako erabakia. Orduan, epaileek zigortu egin zuten Espainia, 'Parot doktrina' "irregularra" dela argudiatuta. Rajoyren Gobernuak, baina, helegitea jarri zuen, eta hori da, hain zuzen ere, epaileak orain aztertzen ari direna.

'Parot doktrina'ren amaierak harrera ona izango luke euskal alderdi gehienen artean, bereziki ezker abertzalean, batik bat Herrira plataformaren aurkako polizia operazioaren ostean, tentsioa areagotu egin baita horren ondorioz.

Horren ildotik, doktrina horren amaiera ez dela "ezker abertzalearen garaipen gisa" hartu behar ohartarazi du Gimenezek. "Zuzenbide Estatuaren garaipena izango litzateke", gaineratu du.

'Parot doktrina' ezarri dieten presoei delitu larriak egotzi badizkiete ere, "gauzak txarto egin badira, onartu egin beharko da", Auzitegi Goreneko epailearen esanetan.

Gimenez 1998. urtean heldu zen Auzitegi Gorenera. Aldez aurretik, EAEko hainbat epaitegitan aritu zen, 18 urtez, eta ETAk hura bahitzea aztertu zuen.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak doktrina parot Berriak Politika Auzitegi Gorena albisteak Espainiako Gobernua bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Espetxe politika Giza Eskubideen Europako Auzitegia gaur