Politika -

85 urte zituela

Ramon Labayen hil da, euskal politika eta kulturaren bidegilea

Donostiako alkate ohi eta Kultura sailburu izandakoa Donostiako Ospitalean hil da, goizaldean. Kulturgintzan arrasto sakona utzi du; besteak beste, EiTB, HABE edota EOSen sorreran parte hartu zuen.

Ramon Labayen Kultura arloko lehen sailburua hil da

3:50

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ramon Labayen jeltzale eta euskaltzalea hil da larunbat goizaldean Donostiako Ospitalean, 85 urte zituela, gaixoaldi baten ostean.

Labayenek politika munduan ere arrastoa utzi du; izan ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua izan zen 1980 eta 1983 urteen artean, eta baita Donostiako alkate ere 1983tik 1987ra bitartean. Garai horretan berak jarri zituen martxan Euskal Telebista, Euskadi Irratia, HABE eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa.

Hileta-elizkizuna astelehenean egingo dute Tolosan, eta haren gorpua Polloeko hilerrian lurperatuko dute. Bien bitartean, gorpua Zorroagako tanatorioan egongo da.

Andoni Ortuzar EBBren presidentearen esanetan, "euskal kulturaren eta nazionalismoaren ekintzailea zen, baina izaera kosmopolita batekin. Gure jakintsuetako bat joan zaigu", adierazi du.

Radio Euskadin, Joseba Egibarrek gogora ekarri du Labayen EAJren afiliatu "oso aktiboa" zela eta, sailburu izan zen garaian EiTBren sustatzailea izana nabarmendu du. Egibarren hitzetan, Labayenekin hitz egiten zuen bakoitzean irakatsiren bat jasotzen zuen.

Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak ere samina adierazi du Labayenen heriotzagatik, eta utzitako ondarea agerikoa dela nabarmendu du.

Jose Antonio Pastor PSE-EEk Legebiltzarrean duen bozeramailearen ustez, "Labayen Euskadiren historiaren ete EiTBren parte izan da", hori dela eta, euskal sozialisten esker ona adierazi dio.

Borja Semper PPren Legebiltzarreko bozeramaileak elkartasuna helarazi die Labayenen senideei eta EAJri. Halaber, "gaur egungo Euskadi izatea lortzen lagundu duten, eta Labayenek ordezkatzen dituen, pertsonen ibilbidea" goraipatu du.

EiTBk atsekabea agertu du

Prentsa ohar baten bidez, EiTBk atsekabea agertu du eta Labayenen familiari eta hurbilekoei dolumina adierazi die. Halaber, "Labayenek kulturaren eta euskararen alde egindako lan zabalarengatik" goraipamena agertu du komunikazio taldeak.

Biografia

Ramon Labaien Sansinenea Tolosan jaio zen 1928ko abuztuaren 31an. Haren aita, Antonio Maria Labayen idazle eta politikaria Tolosako alkatea zen eta 1936an Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, Labayen familiak alde egin behar izan zuen, hasieran Zarautzera, gero Oñatira, eta geroago Iparraldera.

Bederatzi urte egin zituzten han, eta Ramon Labaienek bertako ikastetxeetan ikasi zuen. Bueltan, jesuitekin egin zuen batxillergoa Donostian.

Kimikan lizentziatu zen Madrilen, baina historia kontuek gehiago erakarri izan zuten eta Euskal Herriko historian aditua zen, hain zuzen ere, gai honi buruz zabalkuntza lan handia egin zuen.

Politikagintzan, Donostiako alkateorde izan zen 1978tik 1983ra bitartean eta urte hartan Donostiako alkate hautatu zuten eta kargu horretan egon zen 1987 urtera arte. Eusko Jaurlaritzan ere aritu zen, eta lehen Kultura sailburua izan zen 1980-83 urtetan, eta berak jarri zituen martxan ETB, Euskadi Irratia, HABE, edota Euskadiko Orkestra Sinfonikoa.

Bestalde, Ertzaintzaren uniformearen diseinuan parte hartu zuen.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea