Politika -

Erregearen abdikazioa

Felipe VI.aren koroatzera joango dela baieztatu du lehendakariak

"Izpiritu kritiko eraikitzailearekin" joango dela adierazi du Iñigo Urkulluk. Hilaren 19an egingo dute ekitaldia.

Iñigo Urkullu lehendakaria. EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria. EiTB
Urkullu Felipe VI.aren aldarrikapenera joango da

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak Felipe VI.aren koroatzera joango dela baieztatu du gaur. Ekitaldia hilaren 19an egingo dute, Gorteetan.

Urkulluk Eusko Legebiltzarrean egin du iragarpena, EH Bilduren galdera bati erantzunda. Hain zuzen ere, ekitaldia joateko asmoa ote duen galdegin dio koalizio abertzaleak, eta uko egin beharko liokeela esan dio.

Lehendakariak azaldu duenez, koroatze ekitaldira joango da, baina ez aldez aurretik eta ondoren egingo dituzten gainerakoetara.

Horren esanetan, "espiritu kritiko eraikitzailearekin" joango da koroatzera. Izan ere, Estatuan erreforma "sakonak" egitearen aldekoa da.

"Beste Estatu eredu bat beharrezkoa dela adierazteko joango naiz. Kutsu kritiko eraikitzailea emango diot nire parte-hartzeari. Beharrezkoak diren erreforma sakonak proposatzeko beste aukera bat izango da, eta elkarrizketarako eta akordiorako aukera txikiena ere egonda, merezi du aukera horretan sakontzea", gaineratu du.

Urkulluk nabarmendu duenez, pertsona batekin hartu-emanak izateak ez du esan nahi horrekin ados dagoenik, eta, horren ildotik, Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatua Juan Carlos erregearekin batzartu zela eta koalizio abertzaleak abdikazioari buruz Diputatuen Kongresuan egindako eztabaidan parte hartu duela ekarri du gogora.

Bestalde, Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarbideak koroatzera ez joatea eskatu dio Urkulluri, ekitaldia "iruzurra" delako eta "dena ondo lotuta uztea" duelako helburu, "aurreko Borboiak diktadorearekin egin bezala".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea