Politika -

Juan Carlos I.aren aforamendua

Zenbat forudun daude Euskadin?

Espainia da Europan forudun gehien dituen estatua. Alemanian eta Erresuma Batuan ez dago bat ere.

Forudunak Euskal Autonomia Erkidegoan

1:29

David Perez | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Carlos I.a Espainiako erregearen premiazko aforamenduak berriro ireki du kargudun publikoek duten babes judizial bereziaren inguruko eztabaida, eskubide edo pribilegio hori ez baitago herritar arrunten eskura.

Polemika zentzuzkoa da: Espainia da Europan forudun gehien dituen estatua, 10.000 inguru, eta horietatik 2.000 politikariak dira. Frantzian Errepublikako presidentea eta gobernuko kideak baino ez dira forudunak (21 guztira); Italian eta Portugalen presidentea bakarrik; eta Alemanian, Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan ez dago bat ere.

Euskal Autonomia Erkidegoan 400 dira orotara (lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako sailburuak, legebiltzarkideak, Arartekoa, epaileak eta fiskalak); eta Nafarroan, 147.

Baina, zer da forudun izatea? Babes juridiko hori duten kargudun publikoak Auzitegi Gorenean edo EAEko Auzitegi Nagusian baino ezin dituzte epaitu. Gainera, delitu bat gauzatzen ari diren unean bertan 'harrapatzen' badituzte baino ezin dituzte atxilotu.

Justiziaren aurrean agertu behar izan duen azken foruduna Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkidea izan da. Apirilean deklaratu behar izan zuen, inputatu gisa, terrorismoa goratzea egotzita, ezker abertzalearen ibilbidea defendatzeagatik, baina EAEko Auzitegi Nagusiak artxibatu egin zuen auzia.

Besteak beste, Patxi Lopez eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak eta Juan Mari Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidente ohia eseri dira akusatuen aulkian azken urteetan.

Gobernuko kideen, diputatuen eta senatarien aforamendua Konstituzioan dago aitortuta; justiziaren sektoreko kideena, Botere Judizialaren Lege Organikoan; eta kargudun autonomikoena, Autonomia Estatutuetan.

Aforamenduaren aldekoen esanetan, auzitegi arrunt batek presioak jaso ditzake goi-kargudun bat epaitzean, baina auzitegi goren batek askatasun eta indar handiagoa du prozesu horiei heltzeko. Halaber, babes berezia emanda jazarpen politikoak saihesten direla uste dute.

Nolanahi ere, aurkakoek aforamendua pribilegio anakronikoa dela salatzen dute, kargudun publikoak eta herritar arruntak ez baitira berdinak justiziaren aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea