Politika -

Bilera Santiagon

Rajoyren erreformei esker egoerak hobera egin duela esan du Merkelek

Rajoyk ere egindako erreformen emaitzak ikusten hasiak direla esan du. Horietatik asko Alemaniarekin "elkarlanean" martxan jarri dituztela ere gogoratu du Espainiako presidenteak.

Rajoyren Gobernuaren erreformak goraipatu ditu Merkelek

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rajoyren Gobernuak martxan jarritako erreforma "zail eta gogorrei" esker Espainiako egoera ekonomikoak hobera egin duela goraipatu du gaur Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak.

Rajoyrekin Santiagon bilera egin ondoren agintari biek egin duten agerraldian, PPren Gobernuak "Espainiako etorkizuneko oparotasunaren oinarriak" jarri egin dituela azpimarratu du Merkelek. Rajoyk ere egindako erreformen emaitzak ikusten hasiak direla esan du. Horietatik asko Alemaniarekin "elkarlanean" martxan jarri dituztela ere gogoratu du Espainiako presidenteak.

Merkelek azken lau hiruhilekoetan Espainiak izan dituen "emaitza onak" nabarmendu ditu eta, norabide horretan, Espainiari lagundu egingo diola berretsi du. "Azken lau hiruhilekoetan hazkundea izan da Espainian, Mariano Rajoyren Gobernuak aurrera ateratako erreforma zail eta gogorrei esker", esan du. Bestalde, azken hiruhilekoan Alemaniako BPGk izan duen jaitsierari garrantzia kendu dio Merikelek. Egutegiaren arrazoiak eta nazioarteko gatazka ezberdinei egotzi die, eta 2014. urtean emaitza "onak" izango dituztela aurreikusi du Alemaniako agintariak.

Alemaniak De Guindosen hautagaitza babestuko du

Bestalde, Alemaniak Luis de Guindosen hautagaitza babestu egingo duela iragarri du Angela Merkelek, eurotaldeko hurrengo presidentea izateko. Merkelen hitzetan, De Guindos "Ekonomia ministro bikaina" izan da "garai zailetan".

Ekonomiako arduradunaren trebakuntza goraipatu du Rajoyk eta, bestalde, Jean Claude Juncker Europar Batzordeko presidenteari Miguel Arias Cañete komisario izateko proposamena igorri diola gogoratu du.

Protestak kanpoaldean

Angela Merkelek Santiagora egin duen bisitak eta Europar Batasunean egindako murrizketek eragindako protestan zauritu ugari izan dira, Poliziaren oldarraldi batean, manifestariak Quintanatik Obradoiro Plazara sartzen saiatu eta gero.

Horrela, Polizia Nazionaleko agenteek martxaren aurreko manifestarien kontra egin du, tartean Ruben Cela Santiagoko BNGren bozeramalea zegoen, eta zenbait kazetari ere estutu dituzte istiluak iraun duen bitartean.

Liskarrak CIG eta beste kolektibo batzuek deitutako martxarekin bat egiteko asmoz emigrante talde bat Praza da Quintanara sartzen saiatu denean hasi dira. Horren ondorioz, manifestatzen ari zirenek beste protestariekin elkartzea erabaki dute eta Obradoirorantz abiatu dira.

 

Donejakue bidea eta Katedrala

Rajoy eta Merkel Galizian

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mariano Rajoy Espainia argazkiak Alemania argazkiak Angela Merkel bideoak