Politika -

Ahal Dugu

Federalismoaren aldeko apustua egin du Monederok Sestaon

Erabakitzeko eskubidearen alde daudela azaldu du Ahal Duguren ordezkariak, “konpondu gabeko arazoa delako”. Gainera, “prozesu konstituziogile bat zabaldu” behar dela adierazi du.

Juan Carlos Monedero Ahal Duguko ordezkaria. Artxiboko irudia: EiTB
Juan Carlos Monedero Ahal Duguko ordezkaria. Artxiboko irudia: EiTB
Juan Carlos Monedero Ahal Duguko ordezkaria. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Carlos Monedero Ahal Duguren ordezkariak azaldu duenez, Espainiako Estatua “eraikitzeko proposamena federala da, ez independentista”. Zentzu horretan, “integratzen” eta “zatitzen ez” duten formula politikoak bilatzearen aldeko apustua egin du Monederok.

Monederok, Jokin Bildarratz EAJko senatariak eta Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuak Estatu ereduen, subiranotasunaren eta erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida batean parte hartu dute Sestaon (Bizkaia). Eztabaida Gogoan Sestao Elkarteak antolatu du.

“Guztiak integratzeko, ez zatitzeko” formula politikoak bilatu behar dituztela azpimarratu du Monederok. Federalismoak “batuketa ahalbidetzen du, independentziak aldarrikatzen duen zatiketak ez”, gaineratu du. Hala ere, erabakitzeko eskubidearen alde daudela azaldu du, “konpondu gabeko arazoa delako”.

Ahal Dugu “oinarri programatikoak eztabaidatzeko edozein alderdirekin” esertzeko prest dagoela azaldu du Monederok, baina alderdi independentista ez dela esan du, federalista baizik.

“Federala, ez independentista”

“Negoziazio mahaiaren inguruan eserita dugun alderdiari Espainiako Estatua eraikitzeko proposamena federala, ez independentista, dela azalduko diogu”, errepikatu du.

Bestalde, Espainian “prozesu konstituziogile serio eta sakona zabaldu” behar dela uste du Monederok. Azken emaitza guztiek onartu behar dugula nabarmendu du. Horregatik, “guztiak parte hartzeko eztabaida metodoak martxan jarriko ditugu”, erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ahal dugu albisteak