Politika -

Gurtel Auzia

Ana Mato Gurtel sarearekin aberastu zela uste du Ruz epaileak

Osasun ministroa epaitzeko bidea ireki du epaileak, Gurtel auziko ataletako baten instrukzioa itxita.

Ana Mato Osasun ministroa
Ana Mato Osasun ministroa
Ana Mato Osasun ministroa

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak Gurtel auzian inputatutako ehundik gora lagunetako 43, Ana Mato Osasun ministroa tartean, auzipetuen aulkira eramatea proposatu du. Jesus Sepulveda Pozueloko alkate ohi eta Matoren senarra izandakoak egindako delituetan parte hartzea egotzi dio Ruzek ministroari. Senarrak egin zituen delituei etekina atera ziela uste du epaileak.

Gaur kaleratutako autoarekin, uztailaren 29an zabaldutako aparteko piezaren instrukzioa itxi du epaileak. 1999tik 2005era Gurtel auziarekin zerikusia izan dezaketenen auzipetzeak jasotzen dira lehendabiziko pieza horretan. Luis Barcenas PPko diruzain ohia da inputatu nagusienetakoa. Urtebete baino gehiago darama espetxeratuta.

Urrats horrekin, Ruz epaileak auzipetuen ahozko epaiketa abiarazteko bidea zabaldu du. Auziaren atal honetan, epaileak bertan behera utzi du Angel Acebes buruzagi popularraren inputazioa, eta Alderdi Popularra sarearen erantzule zibil modura mantentzea erabaki du.

Epailearen esanetan, Mato Gurtel sareak senarrari emandako opariekin aberastu zen. Horren ildotik, deliturik egotzi ez badio ere, ministroa erantzule zibil gisa epai dezakete.

Hain zuzen ere, Gurtel sareak 70 opari egin zizkien Mato-Sepulveda senar-emazteei 2000. eta 2004. urteen artean, ?zerbitzu turistikoak? gehienak, hau da, bidaiak (hegazkinez, trenez eta autoz) eta ostatuak.

43 inputatu

Autoaren arabera, Francisco Correa eta Pablo Crespo enpresaburuek sare ustel bat zuzendu zuten, eta horretan, besteak beste, Luis Barcenas, Alvaro Lapuerta eta Angel Sanchis PPko diruzain ohiek, Guillermo Ortega (Majadahonda) eta Jesus Sepulveda (Pozuelo de Alarcon) alkate ohiek, Jesus Merino senatari ohiak, Ricardo Galeote Esteponako zinegotzi ohiak eta Alberto Lopez Viejo Madrilgo Erkidegoko kontseilari ohiak ere hartu zuten parte.

Barcenasen jarduna beste atal batean ikertzen ari dira, baina, kasu honetan ere, PPren diruzain ohiak kontabilitate ezkutu bat kudeatu zuela esan du epaileak.

Kontabilitate ezkutu hori "kontabilitate ofizialetik kanpo zeuden dohaintzek eta ekarpenek osatzen zuten, eta hauteskunde kanpainak finantzatzera, alderdiarekin lotura zuten hainbat pertsonari soldata osagarriak ematera eta PPrentzako hainbat zerbitzu ordaintzera bideratzen bideratzen zuten".

Correaren sarearen espezializazioa PPren hauteskunde kanpainak eta ekitaldiak antolatzea zen, eta alderdi horretako arduradunekin zituzten hartu-emanez baliatzen zen, kontratu publikoak lortzeko.

PPko buruzagiekin izandako hartu-emanen ondorioz, gainera, sarearen jarduera Gaztela eta Leonera eta Madrilgo Erkidegora ere zabaldu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea