Politika -

Monografikoa

Rajoy: 'Espainia ez dago ustelduta, ustel batzuk daude'

Presidenteak ukatu egin du ustelkeria erakunde guztietan zabalduta dagoela. Espainiako Gobernuak alderdi politikoen finantziazioarekin eta ustelkeriarekin lotutako neurriak iragarri ditu.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: EiTB
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea.
Rajoy: 'Legez kanpoko finantziazioa delitu izango da'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi duenez, "Espainia ez dago ustelduta, ustel batzuk daude, eta agertzen ari dira, baina gainerakoak osasuntsu daude". Hori horrela, ukatu egin du ustelkeria erakunde guztietan zabalduta dagoela.

Ustelkeriaren kontrako osoko bilkura monografikoan, Rajoyk azpimarratu du ez dela "mamuen" kontra borroka egin behar, baizik eta errealitatearen eta gertakari objektiboen kontra; izan ere, "Espainia, espainiarrak, bertako enpresak eta langileak ez daude ustelduta".

"Hala pentsatuko ez banu, ez nintzateke hona etorriko, ustelkeria garaiezina" dela emango zuelako, adierazi du gobernuburuak. Gainera, gogor salatu du ustelkeriaren susmoa politikari guztien gainean egotea, "injustizia larria" izango litzatekeelako.

Kongresuak ustelkeriaren kontrako bi proiektuekin aurrera jarraitzea onartu du

Espainiako Diputatuen Kongresuak PSOEk, Izquierda Pluralek, UPyDk eta BNGk ustelkeriaren kontrako bi proiektuen aurka aurkeztutako osoko zuzenketak baztertu ditu PPren botoekin. Aipaturiko bi proiektuak alderdi politikoen kontrol finantzarioari eta goi kargudunei buruzkoak dira, eta gaurko osoko bilkuran, horiei buruzko xehetasunak eman ditu gobernuburuak.

Azken orduko luzapenik ez bada, talde parlamentarioek arratsaldeko zortziak arteko epea izango dute bi proiektuei eta Kodigo Penalaren erreformari zuzenketa partzialak aurkezteko.

Gobernuak bi proiektuen tramitazioa azkarra izatea eta ustelkeriaren kontrako neurri guztiak urtea amaitu baino lehen prest egotea nahi du.

Lapurtutakoa itzultzea

Prozedura Kriminaleko Legearen erreforman makroprozesuetako instrukzio epeari mugak jarriko zaizkio, eta gaizkileak lapurtutakoa itzuliko duela bermatuko da.

Rajoyk azpimarratu duenez, "gizarteak ustelek egindakoaren kalte ekonomikoa berehala konpontzea merezi du".

"Azken batean, delitu ekonomiko batzuen kontrako prozedura amaiezinak amaitzea da helburua, legez kanpo lortutako ondasunak itzultzea ia ezinezkoa delako kasu askotan. Hobe da azkar epaitzea, dena berreskuratzea eta kaltea konpontzea", gaineratu du.

Hori horrela, Espainiako Gobernuak "gaizkileak itzuli behar dituen ondasun guztiak azkar berreskuratzea" du jomugan, ustelkeriaren inguruko makroepaiketak azkartzearekin batera.

Baliabide gehiago

Epaiketak azkartzeko bide horretan, 100 epaile eta fiskalentzat plazak irekiko dituzte 2015ean, eta Ministroen Kontseiluak arlo judizialean teknologia berriak indartzeko baliabide gehiago ematea onartuko du ostiralean.

Militanteen parte hartzea

Presidenteak iragarri duenez, alderdi politikoetako zuzendaritzak aukeratzeko prozesuetan militanteen parte hartzea behartuko du, eta hala egiten ez duen alderdi politikoa desegin egingo du.

Gobernuburuak aurreratu du alderdi politikoen zuzendaritzak lau urtean behin, hauteskundeetako zikloekin batera, aldatu beharko direla, eta alderdien estatutuetan baldintza hori agertu beharko dela.

Prozesu horretan bermatu beharko da militanteen parte-hartzea, baina alderdien esku utzi du nola: kongresuen bitartez, asanbladetan…

Gainera, alderdien estatutuetan afiliatu guztien berme zehatzak agertu beharko dira. Besteak beste, afiliatuaren eskubideen defendatzailea nor izango den eta alderdiak egindako akordioen erreklamazioen prozedura nola izango den zehaztu beharko dute.

Era berean, estatutuetan agertu beharko da iruzurrarekin lotutako delituengatik zigortutako kideak nola kanporatu.

Ustelkeriarekin lotutako delituengatik ahozko epaiketa duten kideak ere automatikoki kanporatzeko prozedura ere azaldu beharko dute.

Alderdien finantziazioa

Alderdien finantziazioari dagokionez, partikularrek ezingo dute 50.000 eurotik gorako ekarpenik egin, eta 25.000 eurotik gorakoak Kontuen Auzitegiari jakinarazi beharko zaizkio, eta ekarpena egiten duen pertsonaren izena argitaratuko da alderdi politikoaren webgunean.

Espainiako Gobernuko presidenteak azaldu duenez, epe jakin batean alderdiek betebehar berriak urratzen badituzte, desegiteko aukera dago. "Hau da, alderdi politikoen erregistroak alderdiaren izen-ematea bertan behera uzteko eskaria egingo du auzitegian".

Indultuak

Bestalde, Espainiako Gobernuak sei hilabetean behin emango dio Kongresuari emandako eta ukatutako indultuen berri, Justizia ministroaren bitartez.

Rajoyk azaldu duenez, Gobernuak txostena kaleratuko du sei hilean behin informazio horrekin, indultuen inguruko kontrola indartzeko asmoz.

Justizia Ministerioaren arduradunak dagokion batzordean egingo du agerraldia azalpenak emateko eta diputatuen galderei erantzuteko.

Era berean, gobernuburuak aurreratu du parlamentarien eskubideen eta betebeharren erregimena zabaltzeko prest dagoela, “adostasun zabala” izanez gero.

Gainera, Rajoyk iragarri du herri ekimen legegilea eta herritarren parte hartze politikorako bideak indartuko dituela.

Matoren dimisioaren ostean

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Kongresuan hitz egin du, Ana Mato Osasun ministroaren dimisioak baldintzatutako ustelkeriari buruzko eztabaida monografikoan.

Ministroak atzo aurkeztu zion dimisioa Espainiako gobernuburuari, Pablo Ruz epaileak Gurtel auzian etekina ateratzeagatik Jesus Sepulveda senar ohiaren delituetan parte hartu zuela adierazi ostean, eta gaur ez da Kongresuan bertaratu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Espainako Gobernuaren presidente ohia Espainiako Gobernua bideoak Espainia albisteak Pedro Sánchez argazkiak Ustelkeria politikoa azken albisteak Ustelkeria politikoa