Politika -

Santi Brouardi omenaldia

Edurne Brouard: 'Gure isiltasunak mina eragin badu, sentitzen dugu'

Eusko Legebiltzarrak Santi Brouard zenaren aldeko plaka bat jarri du, ETAk hildako legebiltzarkideenen alboan.

Legebiltzarrak Santi Brouard omendu du

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Edurne Brouardek, GALek hildako Santi Brouard (HB) legebiltzarkide zenaren alabak, aitortu egin du ezker abertzaleak eragindako mina, aitari egindako omenaldi batean: "Gure ekintzek, isiltasunek edo adierazpenek mina eragin badute, benetan sentitzen dugu".

Eusko Legebiltzarrak Santi Brouarden omenezko plaka bat jarri du gaur, ETAk hildako hiru legebiltzarkideen (Fernando Buesa, Enrique Casas eta Gregorio Ordoñez) omenez jarritakoen alboan.

Besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Bakartxo Tejeria Ganberako presidentea izan dira ekitaldian.

Edurne Brouardek bertan adierazi duenez, hainbat pertsonak "min handia pairatu ez ezik, eragin egin dute ere, nahita edo nahigabe".

Horren ildotik, eragindako mina aitortzeak "egia eta justizia" eraikitzeko eta "kalte-ordainak" emateko "lehen harria" izan behar duela nabarmendu du.

Bide batez, Brouardek eragindako mina aitortzea eskatu die "gu babesteko betebeharra izanda, bahitu, torturatu eta hil gintuztenei".

Azkenik, "aitorpenaren, egiaren eta memoriaren bidetik" jarraitzeko deia egin die alderdiei eta herritarrei, betiere "indarkeriaren jatorriaren arabera bazterketak egin gabe".

Tejeriak "egia oinarri duen memoriaren alde" egin du

Bestalde, Eusko Legebiltzarreko presidenteak esan duenez, etorkizuna eraikitzeko "egia, eta ez ahanztura" oinarri duen memoria bat adostu beharra dago. Izan ere, "ahanzturaren inguruan ez da ezer eraiki".

Horren esanetan, Brouarden aldeko omenaldiak bizikidetzaren zutabeak indartzeko pausoa izan behar du.

Hilaren 20an, Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak 5 minutuko isilunea egin zuen Brouarden omenez. GALeko hildako buruzagi abertzalea omendu zuten lehen aldia izan zen.

Brouard legebiltzarkide hautatu zuten, baina karguaren zina egin baino lehen hil zuen GALek, Bilbon zuen pediatria kontsultan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra bideoak Euskadi Ta Askatasuna albisteak