Politika -

Bilera

Masek eta Junquerasek akordioa bilatzeko konpromisoa hartu dute

Bestalde, Miquel Iceta PSCren buruak adierazi du elkarrizketa, negoziazioa eta ituna ez direla "hirugarren bidea", baizik eta "lehenengoa eta bakarra" Kataluniaren arazoa konpontzeko.

Junqueras eta Mas, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB
Junqueras eta Mas, artxiboko irudian.
Junqueras eta Mas, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Generalitatearen presidenteak eta Oriol Junqueras ERCren buruak bilera egin dute gaur Canonges etxean, eta "harremanak indartzeko" konpromisoa hartu dute subiranotasunarekin lotutako egitasmoetan adostasun batera iristeko.

ERCk prentsa-ohar batean jakinarazi duenez, Junqueras itxaropentsu irten da bileratik: "Independentzia ahalbidetzeko eta herri justuagoa eta libreagoa eraikitzeko modua aurkituko dugu".

Masek eta Junquerasek elkarrizketa erronda hasiko dute eragile politiko, ekonomiko eta sozialekin "Kataluniaren etorkizunari buruzko erabakia herritarren esku lehenbailehen uzteko helburuari begira" duten iritzia jakiteko.

Oraingoz, hala ere, ez dute akordiorik lortu gai garrantzitsuenetan: Masek zerrenda bateratua nahi du hauteskundeetarako, eta Junquerasek zerrenda bereiziak nahi ditu, baina programaren zati bat eta hautagaitzaren izenaren zati bat bateratua izanda.

Generalitateko iturriek azaldu dute bien borondatea dela akordiora iristea, baina Masek berretsi omen du "herri zerrenda" ezinbestekoa dela hauteskundeak aurreratzeko, eta berea da eskumena.

Zerrenda bateratu horrek, Kataluniako presidentearen arabera, justifikatuko luke hauteskunde aurrerapena, independentziaren inguruko erreferenduma deitzeko "baliabide" gisa aurkeztuko lukeelako.

Icetak dio ituna dela bide bakarra

Bestalde, Miquel Iceta PSCren buruak adierazi du elkarrizketa, negoziazioa eta ituna ez direla "hirugarren bidea", baizik eta "lehenengoa eta bakarra" Kataluniaren arazoa konpontzeko, eta Masen independentziarako egitasmoa "porrotera zigortua" dagoela esan du.

'Katalunia 2015, behar dugun aldaketa' izenburupean emandako hitzaldi batean, Icetak legegintzaldia burura eramateko deia egin dio Masi, ez dezala Katalunia "talkaren norabidean jarri".

"Kataluniak ezin du porrot gehiago izan, eta ezin du denbora galdu. Noria batean harrapatuta gaude, baina ez gaitu inora eramaten", ohartarazi du buruzagi sozialistak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniaren independentzia