Politika -

Kongresua

Botere judiziala erabat indenpendentea dela esan du Rajoyk

Zigorren pilaketen inguruko araudia dela eta, Espainiako Gobernua ez dela inor presionatzen ari ziurtatu du Mariano Rajoyk.

Mariano Rajoy
Mariano Rajoy
Rajoy: 'ETA da presoak espetxean mantentzen dituena'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak esan du Botere Judizialaren erabakiak "kontu handiz" errespetatzen dituela bere Gobernuak eta epaileen independentzia nabarmendu du. Hala, ETAko presoen zigorren pilaketaren inguruan Auzitegi Nazionaleko bi aretok hartutako erabakiak, ezberdinak izan arren, biak direla "errespetagarriak" esan du.

"Espainiako Gobernuak legearen interpretazioa bere horretan babesten du eta horren alde egiten dugu lana", esan du. "Beti bezala, gogoko izan ala ez" epaileen erabakia "ontzat emango" dutela esan du Rajoyk.

Auzitegi Nazionalak Santiago Arrospide Santi Potros eta Alberto Plazaola ETAko kide historikoak kaleratzea erabaki ondoren, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak adierazi zuen Exekutiboa ez zetorrela bat ebazpenarekin eta ez zuela ulertzen erabakia. Ondoren, Rafael Catala Justizia ministroa ere ildo beretik mintzatu zen eta Auzitegi Gorenari eskatu zion zigorrak ez pilatzearen alde egin zezala.

Diputatuen Kongresuan gaur egin den kontrol saioan egin ditu adierazpenok Rajoyk. Bertan, Iker Urbina Amaiurreko diputatuak Rajoyri eskatu dio Europako araudia bete dezala eta presioak alde batera utz ditzala. Orain arteko bidetik jarraituz gero, Europako auzitegiek Espainiaren kontra egingo dutela esan du Urbinak, presoen oinarrizko giza eskubideak errespetatzen ez dituelako. "Presio gutxiago, salbuespen gutxiago eta soluzio gehiago, euskal gizarteak eta bizi dugun egoera politikoak eskatzen duen bezala", esan du Urbinak. "Ez etorri esanez ETA dela presoak kartzelan mantentzen dituena; zuek zarete presoen eskubideak urratzen dituzuenak", gaineratu du.

Rajoyk Amaiurreko kideari erantzun dio esanaz, "ez duela inolako zilegitasunik legeari, botere banaketari edota Zuzenbide Estatuari buruzko leziorik emateko". "ETA da presoak kartzelan mantentzen dituena eta zuk badakizu hori", esan dio.

Auzitegi Gorenaren Zigor Aretoak ez zuen atzo akordiorik lortu ETAko presoen zigor pilaketari buruzko irizpide orokor bat ezartzeko, eta urtarrilaren 13an batzartuko da berriz, eztabaidatzen jarraitzeko.

Urkullurekin bilera

Bestalde, pasa den irailean Iñigo Urkullu lehendakariarekin izandako bileraren inguruan galdetu dio Rajoyri Aitor Esteban EAJko diputatuak; bilera hartan proposatu ziren gaien inguruan ezer egin duen galdetu dio Estebanek Espainiako presidenteari. Buruzagi popularraren hitzetan, lehendakariarekin landutako gaiak kontuan hartu ditu eta beharrezkoa izan denean, neurriak ere hartu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Diputatuen Kongresua Politika albisteak Rajoy berriak Presoak argazkiak ETA gaur Albisteak Gaur Eguneko albisteak