Politika -

ELKARRIZKETA ETB-n

Urkullu: 'Espainiako Gobernua iraganera begira dago'

Iñigo Urkullu lehendakariak ETAri ere leporatu dio bakegintzan urratsik ez egotearen ardura. "Badirudi beste Gobernu berri bat egon artean beste pausorik ez emateko erabakia hartu dutela".

Iñigo Urkullu lehendakaria, ETBko aurkezleekin.
Iñigo Urkullu lehendakaria, ETBko aurkezleekin.
Iñigo Urkullu lehendakariari egindako elkarrizketaren laburpena

11:10

G. Palacios | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du Espainiako Gobernua bakegintzari eta elkarbizitzari dagokionenean “iraganari begira” dagoela uneoro eta horrek aurrera egitea oztopatzen duela.

Horren erakusgarri jarri du ETAko presoei zigorrak pilatzearen harira piztu den polemika.

“Epaileek eurek salatu dute Espainiako Gobernuarengandik presioak jasan dituztela. Europar Batasunak ezarritako araua da eta ezarri egin behar du. Gainera, zigorra bete duten presoez ari gara. Gustatuko zaigu edo ez, damurik agertu barik adibidez, kanpoan izango direlako, baina zigorra bete dute eta espetxetik atera behar dira, barkamenik eskatu ez arren, eskubideak dituztelako”, azaldu du.

Ildo berean, ETB-2n egindako elkarrizketan, gogora ekarri du bost urte bete direla atentaturik ez dagoela, hiru urte bete direla ETAk jarduera armatua betirako utzi zuenetik eta, beraz, testuinguru sozio-politikoa aldatu egin dela. “Espainiako Gobernuak etorkizunera begiratu behar du” ,erantsi du.

Autogobernuari dagokionenean ere, Mariano Rajoyk azken bi urteotan urratsak emateko prestutasunik agertu ez  duela etsigarria ote den galdetuta, Urkulluk esan du berak lanean jarraituko duela Madrilen egin dezaketenari itxaron gabe.

“Autogobernua kudeatzen jarraituko dut, transferitu gabe dauden eskumenak Jaurlaritzaren esku egoteko”, esan du. “Estatutua garatzeko ez da ezinbestekoa Madrileko Gobernuaren zain egotea. Legebiltzarrean badugu autogobernuaren lantaldea abian eta lanean, adibidez”, gaineratu du.

Hala eta guztiz ere, bakegintzari eta elkarbizitzari dagokionez, prozesua geldi egotearen erantzukizuna ETArena ere badela nabarmendu du. “Espainiako Gobernuak ez du desarme prozesuan parte hartu nahi, baina ETAk badirudi Gobernu honekin urrats gehiagorik ez emateko erabakia hartu duela”, adierazi du, eta egoera horrek gizartea “etsipena” sor dezakeela ohartarazi du, “iraganetik aro berrirako behin betiko urratsa ematen ez delako”.

Alderdiekin harremanak

Bestalde, alderdi ezberdinek Legebiltzarreko bakerako lantaldean erakutsi duten jarreraz galdetuta, Urkulluk esan du 2015an ponentzia hori martxan egotea posible izango dela espero duela, eta EH Bilduren gainean utzi du ardura: “Politika orokorreko eztabaidan Hasier Arraizek berak iragarri zuen EH Bilduk ekarpen berri bat egingo zuela, zoru etikoan aurrea egiteko, baina oraingoz ez dute egin”.

Nolanahi ere, lantalde horretan pausoak ematea nahikoa ez dela iritzi dio lehendakariak. “Adierazpen publiko bat egin behar dute, gizartearen aurrean. Iragana kritikoki aztertu behar dute eta egindako mina aitortu. Edurne Brouarden hitzak, adibidez, oso esanguratsuak izan ziren; antzeko adierazpen bat egin beharko luke EH Bilduk”, nabarmendu du.

Jaurlaritzak PSErekin erdietsitako akordioaren harira, Urkulluk aitortu du PSErekin harreman historikoa izan dutela eta horrek bidea erraztu duela. “EH Bildurekin, berriz, ezinezkoa izan da. Haien eta gure eredu sozio-ekonomikoak bateraezinak direla esan ziguten”, adierazi du.

Enplegua, laguntzak eta etxegabetzeak

Egoera ekonomikoari dagokionez, lehendakariak iragarri du 2015ean % 0,05ean haziko dela enplegu netoa, baina ohartarazi du testuinguruak gogorra izaten jarraituko duela eta, tamalez, “datorren urtean ere itxi egin beharko duten enpresak” izango direla. “Krisia erabat gainditzeko bidea luzea izango da”, erantsi du.

Aurten 192 etxegabetze izan dira EAEn eta horrelako kaleratzeak ekiditeko Jaurlaritzak ze neurri zehatz hartu dituen galdetuta, Exekutiboa finantza-erakundeekin harremanetan dagoela jakinarazi du. “Ez naiz presio mekanismoen aldekoa; elkarrizketaren aldekoa naiz eta uste dut finantza-erakundeak erantzukizunez ari direla lanean kaleratzeen auziaren aurrean”, esan du.

Amaitzeko, Diru Sarrera Bermatzeko Errentaren harira PPk sortutako polemikaz, lehendakariak zehaztu du Jaurlaritza prest dagoela laguntza horien gaineko kontrola eta kudeaketa aztertzeko, “baina gauza bat da laguntza horiek garai berrira egokitzea eta beste bat Diru Sarrera Bermatzeko Errrentaren kontzeptua, eta kontzeptu hori aldaezina da guretzat”, azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Urkullu