Politika -

Dimisioa

Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiak dimisioa eman du

Torres-Dulcek Rafael Catala Justizia ministroari jakinarazi dio kargua utziko duela. 'Arrazoi pertsonalak' argudiatu ditu.

Eduardo Torres-Dulce, Estatuko fiskal nagusia. EFE.
Eduardo Torres-Dulce, Estatuko fiskal nagusia. EFE.
Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiak kargua utzi du

1:50

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiak dimisioa aurkeztu du. Espainiako Gobernuari dagoeneko eman dio bere erabakiaren berri, "arrazoi pertsonalak" argudiatuta.

Estatuko Fiskaltzak ohar bat kaleratu du, dimisioaren berri emateko. Idatzian jasotzen denez, Torres-Dulcek Rafael Catala Justizia ministroari jakinarazi dio kargua utziko duela.

Auzitegi Konstituzionalean salako fiskal gisa duen lanpostura itzuliko da Torres-Dulce.

Fiskal nagusi karguan eman dituen hiru urteotan, sona handia izan dute Espainiako Gobernuarekin izan dituen tirabirek; Kataluniako prozesua dela eta, Artur Mas Kataluniako presidentearen eta Generalitateko beste bi kideren aurka Fiskaltzak jarritako kereilak agerian utzi zituen bi aldeen arteko tentsioak. Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministro ohiaren lantaldearekin zituen desadostasunek zeresan handia eman zuten. Batez ere, Gobernuak Zigor Kode Prozesalaren inguruan egin nahi zituen aldaketen aurrean Torres-Dulcek agertu zuen desadostasuna. Ministerio Publikoari eta fiskalei autonomia gehiago ematearen alde agertu izan da beti.

Torres-Dulcek Kongresuan egindako azken agerraldian, azaroaren 26an, esan zuenez, inork ezingo dio leporatu Mariano Rajoyren Gobernuaren "aldekoa" izatea: Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren kartzelatzea berak eskatu zuela gogorarazi zuen. Bolinaga eta Matas auzietan Barne Ministerioak hartutako jarreraren kontrakoa babestu duela nabarmendu zuen. "Ez dut inoiz onartuko Gobernuak zer egin behar dudan esatea; hori delitua litzateke. Gobernuaren kontrako jarrera izan behar badut, izango dut", gaineratu zuen.

Espainiako Ministroen Kontseiluak 2012ko urtarrilaren 27an izendatu zuen Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusi. Candido Conde-Pumpidok zortzi urtez betetako lekua hartu zuen.

Atzo eman zuten Espainiako hainbat hedabidek Torres-Dulcek dimisioa aurkezteko aukeraren berri. Izan ere, Fiskalen Batzordeko bilerako gai-ordenan jasota zeuden bi izendapen erretiratu zituen, arrazoirik eman gabe; Auzitegi Konstituzionaleko fiskal nagusiarena eta Ikuskaritza fiskalarena

Erreakzioak

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak errespetua agertu du Torres Dulceren erabakiaren aurrean, eta PSOEren interpretazioak erantzuteko "minutu bakar bat ere" ez duela emango gaineratu du.

"PSOEren jarrera beti da berdina: Gobernuarena da errua", deitoratu du Rajoyk, eta Torres-Dulceri egindako lana eskertu dio.

Bestalde, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak fiskalburuari ?dimititzera behartu izana? egotzi dio Rajoyri, 2015 urteak hauteskundeak galduko dituen "beldur" baita.

Sanchezen esanetan, dimisioa "albiste txarra da Espainiako botere banaketarentzat".

Amaiurren aldetik, Iker Urbina diputatuak Torres-Dulce eztabaida suberanistaren lehen "kalteduna" izan dela iritzi dio, eta Espainiako Gobernua ?edozer egiteko gai? dela ohartarazi du, Auzitegi Gorenari eta Estatuko fiskal nagusiari presio egitea, kasu.

Aitor Esteban EAJko bozeramaileak adierazi duenez, Torres-Dulceri "faltan ez botatzea" eta horren ordezkoa "independentea" izatea espero du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea