Politika -

Madril

Butano bonbonak zeramatzan auto batek PPren egoitzaren aurka egin du

Ibilgailuan butano bonbona bi eta zaku susmagarriak aurkitu dituzte. Tedax agenteak bertaratu dira Genova kaleko egoitzara.

Erasoa gertatu den lekua. Argazkia: Efe
Erasoa gertatu den lekua.
Kotxe batek PPren egoitzaren aurka talka egin du

1:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizonezko bat atxilotu dute goizean, autoarekin PPren Madrilgo egoitza nagusiaren aurka egin ostean, polizia-iturriek jakitera eman dutenez. Ibilgailuan butano bonbona bi eta zaku susmagarriak aurkitu dituzte.

Gidaria "dena galdu" duen enpresaburu bat omen da, Daniel Berlanga Perez, 37 urtekoa, eta polizia-etxera eraman dute atxilotuta, aipatu iturrien arabera.

Tedax lehergailuak indargabetzeko taldeko agenteak joan dira Genova kaleko egoitzara autoak eraikina jo eta berehala, autoan lehergailuren bat egon zitekeela eta.

Poliziak eraikina inguratu du, eta lehergailuak desaktibatzeko unitateak lanean aritu dira, arriskurik den zehazteko.

Hori horrela, PPk arriskua uxatu arte Genovako egoitzara ez joateko eskatu die langileei, eta Madrilgo metroko zerbitzuan etenaldiak egon dira bertako geltokiaren inguruan.

"Dirudienez, ia garbitzaile bat harrapatu du autoak, eskaileretara arte iritsi baita", azpimarratu du Esperanza Aguirre PPren Madrileko buruak.

Bestalde, Rafael Hernando popularren Kongresuko bozeramaileak esan du burua "desorekatuta" duen pertsona baten "erabaki zoroa" izan dela atentatua.

Gainera, Ignacio Cosido Espainiako Poliziaren zuzendari nagusiak esan du atxilotuak ez duela inolako loturarik terrorismoarekin, eta "arazo psikiatrikoren bat" izan duela.

“Politikoei erasotzea”

Espainiako Poliziaren aurrean egindako deklarazioetan, asmoa politikarien aurka egitea zela azaldu du atxilotutakoak.

Horren haritik, erasoa “oro har klase politikoaren aurkakoa” izan dela zehaztu du. PPren egoitzari eraso dio, baina beste edozein alderdirenari ere egin zekiokeen.

Lehergailua, eskuz ala tenporizadorearekin

Bestalde, Alfonso Jose Fernandez Diez Madrilgo poliziaburuak prentsaurrekoan esan duenez, ibilgailuan zegoen lehergailua eskuz ala tenporizadore baten bidez abiatu ahal zen.

Lehergailuaren eraginkortasunaren inguruan zalantzak dituzte Tedax agenteek. Izan ere, eztanda egiteko material nahikorik ez zuela uste dute.

Dena dela, lehertzeko posibilitateak benetakoak zirela ohartarazi du poliziaburuak, eta eztandak PPren egoitzako lehen solairuaren egituran kalte larriak egingo zituzkeela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alderdi Popularra Espainia albisteak