Politika -

2014-2020 Plan Estrategikoa

Euskadik eta Akitaniak 'zentzuzko hazkundearen' alde egin dute

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Alain Rousset Akitaniako Eskualdeko Kontseiluko presidenteak planaren nondik norakoak ezagutzera eman dituzte Hendaian egin duten aurkezpenean.

Iñigo Urkullu eta Alain Rousset Hendaian egin duten ekitaldian. Argazkia: Irekia
Iñigo Urkullu eta Alain Rousset Irekia
Euskadi eta Akitania harremanak estutuz, elkarrekin hazteko

1:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadik eta Akitaniak Akitania-Euskadi euroeskualdearen 2014-2020 aldirako Plan Estrategikoa aurkeztu dute. “Zentzuko hazkunde ekonomikoaren” alde agertu dira biak plan horretan, eta horretarako ezinbestekotzat jo dute abiadura handiko trenbidearen lotura amaitzea.

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Alain Rousset Akitaniako Eskualdeko Kontseiluko presidenteak planaren nondik norakoak ezagutzera eman dituzte Hendaian egin duten aurkezpenean. Euroeskualdeak hurrengo urteetarako dituen lehentasunak zehazten ditu planak, bi eskualdeek Europar Batasuneko espazio erabakigarrietan duten kokapena eta garrantzia indartzeko helburuarekin.

Ekitaldian izan dira baita ere Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua, Fraçois Maitia Akitaniako Eskualdeko Kontseiluko presidenteordea, Odon Elorza diputatu sozialista, eta Errenteria, Irun, Hondarribia eta Hendaiako alkateak, besteak beste.

“Zentzuko ekonomia jasangarriaren eta integratzailearen” bultzada, bi eskualdeen arteko mugikortasun “jasangarria”, euroeskualdeko herritarrei bultzada eta gobernantza irekia dira plan honen oinarri nagusiak.

"Ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako ekonomia"

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, “ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako ekonomia bultzatuko dugu, lehiakorra izango dena eta lanpostuak sortuko dituena".

“2020a bitartean 8.949 milioi euro zuzenduko ditu Europar Batasunak kohesio eta kooperazio programetara. Euskadik eta Akitaniak gai izan behar dute plan hau oinarri hartuta diru hori jasotzeko aukera izango duten proiektuak aurkezteko”, zehaztu du lehendakariak.

Irailean aurkeztu zuten Euroeskualdearen Kanpusa bi eskualdeen ikerketa eta garapenaren oinarrietako bat. Alain Roussetek adierazi duenez, enpresen arteko elkarkidetza bultzatzeko ere lan egingo dute.

Abiadura handiko trena

Akitaniako Eskualdeko Kontseiluko presidentea abiadura handiko trenaren alde agertu da. “Bordele eta Gasteiz lotu ahal izateko Frantziak abiadura handiko sarea mugaraino eraikitzeko apustua egin behar du”, esan du.

“Euroeskualdeko herritarrei” dagokionez, lehendakaria “mugaren efektua” gainditzearen alde agertu da. “Oraindik ere Bidasoaren bi aldeetako herritar askoren buruan dago kontzeptu hori”, esan du. Mugak gainditu eta ezagutza bultzatu behar dela adierazi du.

Hizkuntzen ezagutzan aurrera egitearen alde ere agertu da Urkullu, batez ere euskararen ezagutza. “Kultura aniztasuna bultzatu behar da, eta gazteriaren alde egin, mugarik gabeko etorkizunaren protagonista baitira”, gaineratu du.

Euskal gazteen eta Akitaniako gazteen arteko elkartrukeak bultzatuko ditu planak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Urkullu Eusko Jaurlaritza berriak