Politika -

Artur Mas ikertuko dute

Homs:'Demokrata denak ez du kereilarik jartzen kontsultak egiteagatik'

Horrez gain, Francesc Homsek azpimarratu du "erabat oker" dagoela "kereilak jarrita Kataluniako prozesua geldiaraziko dutela uste duenik bada".

Francesc Homs, Kataluniako Gobernuaren bozeramailea. Artxiboko irudia
Francesc Homs, Kataluniako Gobernuaren bozeramailea.
Francesc Homs, Kataluniako Gobernuaren bozeramailea. Artxiboko irudia

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francesc Homs Kataluniko Gobernuaren bozeramaileak Artur Masen kontra jarritako kereilak tramitera onartu izana gogor kritikatu du: “Munduan ez dago herrialde demokratikorik kontsultak egiteagatik auzitegietara jotzen duenik”.

Horrez gain, auzibideak ireki arren Kataluniako prozesu soberanista atzeraezina dela esan du. “Norbaitek uste badu kereilak jarrita Kataluniako prozesua geldiaraziko dutela, erabat oker dabiltza”, nabarmendu du.

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak atzo jakinarazi zuen Artur Mas Kataluniako presidentearen, Joana Ortega presidenteordearen eta Irene Rigau Hezkuntza kontseilariaren kontra jarritako kereilak tramitera onartzea erabaki duela.

“Guk dakigunez, gure inguruko herrialde demokratikoetan inoiz ez da inoren aurkako kereilarik jarri hautetsontziak kalera ateratzeagatik. Horrek agerian uzten du Espainiako Gobernuaren maila demokratikoa baxua dela, berak bultzatu baititu aipatu helegiteak”, azaldu du.

“Fiskalen adierazpenak entzunda, eztabaida juridikoa baino gehiago politikoa dela nabarmen geratu da; kereila guztiak arrazoi politikoetan oinarritzen dira”, gaineratu du.

Kaltetu bakoitzak teknikoki bere defentsa propioa izatea eskatzen du, baina, Homsek iragarri duenez, Generalitateko zerbitzu juridikoen laguntza izango dute kaltetu guztien, “gure Gobernuaren kontrako erasoa dela ulertzen dugulako”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako erreferenduma