Politika -

2014ko balantzea

Aralar: 'Euskal gizartearentzako urte oso gogorra eta iluna izan da'

“Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko garaian” herritarrek “protagonismoa hartzeko gizarte zibila martxan jartzea” 2015eko erronken artean kokatu du koalizio abertzaleak.

2014 urtea, gogorra eta iluna izan da Aralarren ustez

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rebeka Ubera Aralarreko idazkari nagusiak eta Asun Fernandez de Garaialde koalizioko zuzendaritzaren ordezkariak prentsaurrekoa eman dute Donostian, 2014ko balantzea egiteko. “Pobreziaren, lanpostuen deuseztapenaren eta prekarietatearen” urtea izan dela adierazi dute. “Giza eskubideen urraketek” jarraitu dutela deitoratu dute. “Euskal gizartearentzako urte oso gogorra eta iluna izan da”, azpimarratu dute.

“Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko garaian” herritarrek “protagonismoa hartzeko gizarte zibila martxan jartzea” 2015eko erronken artean kokatu du Aralarrek.

Era berean, bakea eta elkarbizitza demokratikoa helburu nagusiak direla goraipatu du koalizio abertzaleak, baita “giza eskubideen urraketa guztiei amaiera ematea” ere.

“Susperraldiaren gezurra”

“Barcina eta Urkullu eta haien gobernuak” kritikatu ditu Uberak; izan ere, “susperraldiaren gezurra saldu nahian jarraitzen dute”. “Rajoyren eredu soziekonomikoarekin ados daude bi agintariak, eta murrizketa ekonomiko eta sozialak egin dituzte bi buruzagiek”, salatu du.

Zentzu horretan, batak eta besteak “PSOE euskarri gisa izan dute, Nafarroan PSN eta Euskal Autonomia Erkidegoan PSE; eta beharrezkoa izan dutenean PPren komodina erabili dute, batere zalantzarik gabe”, ziurtatu du Aralarreko idazkari nagusiak. “Inposatu dituzten politika atzerakoiek eta neoliberalek kohesio soziala murriztu dute eta desberdintasunak areagotu eta sakondu dituzte”, salatu duenez.

Gatazkaren ondorioak

Bestalde, bakegintzan eta elkarbizitzan “2014an nobedade aipagarririk izan ez” dela nabarmendu du Aralarreko buruzagiak; izan ere, “gatazka armatuaren ondorioek konponbiderik gabe jarraitzen dute, nahiz eta ETAk borroka armatua behin betiko uzten zuela iragarri zuenetik dagoeneko hiru urte pasa dira, eta uztailean armagabetzearekin hasi”.

Horrela, “salbuespenezko” espetxe politikak indarrean jarraitzea salatu du Uberak. Preso politikoen egoera konpontzeko “benetako ekimenik” martxan jarri ez dutela goraipatu du, “ezta hainbeste aldarrikatzen duten elkarbizitzan aurrerapausoak emateko ere”. Ipar Euskal Herrian “kolore guztietako indar politikoek” lortutako akordioagatik zoriondu da. Uberaren hitzetan, “Euskal Herri osoarentzako erabilgarria eta mesedegarria izan daiteke”.

“Euskal Herriak eta euskal herritarrek erabakitzeko eskubidea lehenbailehen gauzatzeko 2015ean pausoak ematen jarraitzeko” lanari lehentasuna emango diotela iragarri du Aralarreko ordezkariak. Zentzu horretan, EH Bilduk euskal gizarteari proposamen politiko konkretu bat aurkeztuko dio urtarrilean, iragarri duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea