Politika -

Erreakzioak

Urkulluren mezua 'zehaztasun gabekoa eta hutsala', oposizioaren ustez

EAJk, ostera, lehendakariaren mezuak izan duen "ikuspuntu soziala" txalotu du.

Oposizioko alderdiek gogor kritikatu dute lehendakariaren mezua

1:28

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak urte amaieran emandako mezua gogor kritikatu dute gaur oposizioko alderdiek eta "zehaztasun gabekoa eta hutsala" izan dela esan dute. EAJk, aldiz, eraikitzailetzat jo du hitzaldia eta haren ikuspuntu soziala txalotu du.

Joseba Egibar EAJko eledunak Urkulluren mezuaren ikuspegi soziala txalotu du Donostian egindako prentsaurrekoan. Egibarren hitzetan, lehendakariak "elkartasunaren kontzeptua azpimarratu du, ez karitate ariketa gisa, baizik eta justizia sozialaren ereduaren ondorio baten moduan". Lehendakariak adostasunerako agertutako borondatea ere nabarmendu du buruzagi jeltzaleak.

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko ordezkariarentzat, berriz, mezuak "ez du ekarpen errealik" egin. "Bada garaia euskaldunon artean herri-akordioak lortzekoa eta herritarren arazo errealei irtenbideak emango dituen etorkizun hobe bat eraikitzeko" agertu du Beitialarrangoitiak eta Urkullu halakorik egin ez duela salatu. Buruzagi abertzalearen ustez, lehendakariak "egiteko dagoen herrialde batez mintzatu da eta aurrera egiteko aukerak aipatu baditu ere, bi urte daramatza politika errealak egin barik".

Jose Antonio Pastor PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailearen ustez, "kezkagarria da"krisiari eutsi baino egiten ez dion lehendakaria edukitzea". Pastorren esanetan,  "badirudi lehendakaria sozialistek atakatik noiz aterako duten zain dagoela". Lehendakariaren mezua "zehaztasunik gabekoa" izan dela salatu du buruzagi sozialistak ohar batean. Jaurlaritzak "neurriak hartu behar ditu eta ez du halakorik egiten", deitoratu du.

Ildo beretik mintzatu da Nerea Llanos PPko idazkari nagusia. Haren ustez, mezu "hutsal" baten ordez, "ausardia" eta "ekintzak" eskatu dizkiote euskal herritarrek lehendakariari. Llanosen iritzian, "errealitatetik urrun dago lehendakaria".

Gorka Maneiro UPyDko bozeramaile eta legebiltzarkideak ere uste du Urkulluren mezuan "hitzontzikeria, etsipena eta sentimendu eza" izan dira nagusi eta "politikoki koldarra" izatea egotzi dio, Estatus Politiko berria zertan den zehaztu ez duelako. Amaitzeko, "ustelkeriaren inguruan hitzerdirik ez egitea" deitoratu du Maneirok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Albisteak Alderdi Popularra UPyD Azken albisteak Urkullu EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE