Politika -

2015eko hauteskundeak

Podemos ez da alderdi bezala EAEko udal hauteskundeetara aurkeztuko

Dena den, Pablo Iglesiasen alderdiak ez du baztertzen tokian tokiko herri plataformak babestea edo eurak plataforma berriak abiatzea.

Podemos Bilbo. Argazkia: EiTB
Podemos Bilbo. Argazkia: EiTB
Hego Euskal Herriko idazkari nagusiak aurkeztu ditu Podemosek

1:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Podemos-Ahal Dugu ez da alderdi bezala EAEko 2015eko udal hauteskundeetara aurkeztuko. Orain, Pablo Iglesiasen alderdiak hauteskundeetan nola parte hartu erabaki beharko du; oraingoz, bi aukera dituzte buruan: tokian tokiko herri plataformak babestea edo eurak plataforma berriak abiatzea. Bestalde, gaurtik aurrera, herri kontseiluak martxan jarriko dituzte Foru hauteskundeetan zer egin erabakitzeko.

Bizkaian, Lander Martinez Bilboko Podemos-Ahal Dugu alderdiko idazkari nagusiak baieztatu du ez direla Ahal Dugu markarekin hauteskundeetara aurkeztuko eta, gainera, ez dutela beraiek plataforma berririk bultzatuko. Hala ere, herri plataformaren bat osatzen bada hori babesteko prest agertu da.

Bestalde, Ahal Duguk ez du baztertzen Bizkaiko Batzar Nagusietara aurkeztea, izan ere, alderdiaren ildo ofizialak ez luke horrelakorik eragotziko. Hala eta guztiz ere, Lander Martinezek azaldu du gai hori herri kontseiluetan eztabaidatu behar dutela. Are gehiago, gaurtik aurrera martxan jarriko den Bilboko herri kontseiluak hartuko du azken erabakia.

Lander Martinez Bilboko idazkari nagusiak udalaren kontu-ikuskaritza bat sustatzeko asmoa agertu du eta gainera, erakundearen gardentasunaren alde lan egitea eta Udalean egon daitezkeen balizko "ustelkeria eta bezerokeria" kasuak ikertzea proposatu du. Lan hori "kanpotik" egingo dutela azaldu du, Udalaren funtzionamendua ezagutzen duten herritarren salaketen bitartez.

Araban, Fernando Iglesias Podemos-Ahal Duguko idazkari nagusiak ia erabat baztertu du 2015eko udal hauteskundeetan Ikune plataformarekin aurkeztea. Azaldu duenez, ez du uste lankidetza formularik gauzatu ahal izango denik eta beraiekin kolaboratu nahi dutenek beren funtzionamendu moduak "errespetatu" beharko dituztela azpimarratu du.

Hitzaldian, ez du argitu Ahal Duguk hautesle taldeen bitartez parte hartuko duen Gasteizen, baina, egitekotan ere ez luke alderdiarden izena hartuko. Dena den, Ahal Duguk herri kontseiluetan erabakiko du udal hauteskundeetan nola parte hartu eta foru hauteskundeetara beraien markarekin aurkeztu ala ez.

Aspaldidanik, Podemos-Ahal Dugu udal hauteskundeetara Ikune plataformarekin aurkeztuko zenaren zurrumurrua zebilen bolo-bolo. Oraingoz, Pablo Iglesiasek gidatutako alderdiak ez du ez baieztatu ezta ukatu ere ezer. Hala eta guztiz ere, Gasteizko idazkari nagusiak azpimarratu du ez duela uste aukera hori gauzatuko denik. Are gehiago, berretsi du hauteskundeetara Ahal Dugurekin joan nahi dutenenek beren lan egiteko moduak errespetatu beharko dituztela.

Gipuzkoan, Hannot Sansinenea Donostiako Ahal Duguko idazkari nagusiak azaldu du haren alderdiak ez duela erabaki beren markarekin foru hauteskundeetara aurkeztuko diren, baina Ahal Dugu markarekin udal hauteskundeetara aurkeztea baztertu du.

"Oraindik, hautagaitzak osatzeko epea zabalik dago eta oraingoz ez dago gure babesa emateko baldintzak betetzen dituen inor, baina horrek ez du esan nahi baten batek baldintzak beteko balitu, gure babesa eskainiko ez geniokeenik", azaldu du. "Nik esango nuke ez dela behin betiko erabakia, aztertu beharreko kontua da", zehaztu du.

Foru hauteskundeez galdetuta, Sansineneak aurreratu du Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) prozesu eratzailea abiatuko dutela laster erabakia hartzeko. Aipaturiko prozesua urtarrilaren 7an hasi eta otsailaren 14an amaituko da, hori dela eta, "orain ezer aurreratzea goizegi litzateke, izan ere, lehenik eta behin Kontseilu Autonomikoa osatuko duten pertsonak aukeratu behar dira".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea