Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Amnistia 'bete ezin den aldarrikapena da orain', Erkorekaren hitzetan

Larunbateko manifestazioari "inork eragozpenik" ez jartzea espero du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, eta gobernua bertan egongo ez dela esan du.

Erkoreka: 'Amnistia eskatzea errealitatetik kanpo dago'

01:44

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen ustez, amnistia "orain bete ezin ez den aldarrikapena da, eta, gainera, ez du bideragarritasun praktikorik". Sare herri mugimenduak presoen sakabanaketaren kontra eta eskubideen alde larunbaterako deitutako manifestazioaren harira egin ditu adierazpenok buruzagi jeltzaleak.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean berretsi duenez, "Jaurlaritza ez da tankera horretako manifestazio batean inoiz egon eta, hortaz, larunbatekoan ere ez da egongo". Hori gorabehera, Jaurlaritzako eledunak esan du gizarteak baduela "joateko eskubidea" eta "inork eragozpenik" ez jartzea espero du.

"Jaurlaritzak espero du oztoporik gabe egin ahal izatea, iazko 'baina' horiek gabe", Tantaz Tanta mugimenduak martxa deitu eta epaileek hura debekatu ostean EAJk, Sortuk, Aralarrek, EAk, Alternatibak, ELAk eta LABek 'Giza Eskubideak Konponbidea, Bakea' lelopean beste bat deitu zutenekoa gogoan hartuta.

"Urtero manifestazioa deitzen duten horiek eskubide osoa dute hala egiteko, eta egin ahal izateko aukera izan beharko lukete. Gizarte demokratikoetan oinarrizko eskubide bat da hori, bakoitzaren ikuspuntuak adierazteko eskubidea, alegia", azaldu du. Hala, "inork manifestazioa egiteko eragozpenik ez jartzea espero dut", erantsi du.

Erkorekak nabarmendu duenez, Jaurlaritza ados egon daiteke "presoak gerturatzearekin edo beste espetxe-politika bat indarrean jartzearekin", baina "aldarrikatzen dena amnistia bada, bete ezin den aldarrikapena da eta ez du bideragarritasun praktikorik", adierazi du.

Sorturi deia

Jaurlaritzaren bozeramailea ezker abertzaleari ere zuzendu zaio. Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko bozeramaileari autogobernuaren inguruko "proposamen guztiak" Eusko Legebiltzarreko Lantaldean aurkezteko eskatu dio Erkorekak. "Bertan bide eman ahalko zaie eta lortu omen nahi dituzten akordio horiek lortuko dira", agertu du.

Arraizek asteburuan egindako proposamenari erantzun dio horrela Erkorekak. EH Bilduko legebiltzarkideak larunbatean iragarri zuenez, koalizioa prest dago EAJrekin, idatziz, "balizko akordio bat" sinatzeko, "Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen inguruan" prozesu bat gauzatze aldera.

Jaurlaritzak ETAren armagabetzearen harira egindako proposamenak eragindako kritikak ere hartu ditu ahotan Jaurlaritzaren eledunak. Erkorekaren hitzetan, gai honekin lotutako ekimenak "beti dira ongietorriak euskal gizarteak ETA iraganeko kontu bat izatea nahi duelako".

Haren iritzian, "ez da harritzekoa ezker abertzalea kritiko agertzea, baina atentzioa ematen du eztabaidatzeko prest ere ez egotea", deitoratu du.

Erkorekaren iritzian, ETAk eta Espainiako Gobernuak "ez dute % 100ean kontrolatzen ez dituzten ekimenekiko interesik, eta horregatik agertu dituzte erreparoak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Presoak bideoak