Politika -

Europako araudia

Zigorren murrizketa baliogabetzeko eskatu dio Fiskaltzak Gorenari

ETAko lau presori Frantzian betetako zigorrak kontuan hartzeko eskatu zion Auzitegi Nazionalak Espetxe Zuzendaritzari. Eduardo Fungairiño fiskala, baina, horren aurka agertu da.

Santiago Arrospide Sarasola. Artxiboko irudia: EiTB
Santiago Arrospide Sarasola. Artxiboko irudia: EiTB
Santiago Arrospide Sarasola. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAko lau kide historikok Espainian bete beharreko kartzela-zigorra murrizteko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak, baina Fiskaltzak irizpide hori baliogabetzeko eskatu dio Auzitegi Gorenari lau helegitetan. Europako araudiari jarraituz, Frantziako espetxeetan betetako zigorrak Espainiakoetan betetzen ari direnekin batu beharra dago auzi horren atzean.

Lau kasazio-errekurtsotan, Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Salaren erabakiaren aurka azaldu da Eduardo Fungairiño fiskala. Francisco Mujika Garmendia Pakito, Santiago Arrospide Sarasola Santi Potros, Rafael Caride Simon eta Alberto Plazaola Anduaga preso dauden espetxeetako zuzendariei horiek kartzelan igaro beharreko denbora Frantzian betetako zigorrak kendu eta berriro kalkulatzeko eskatu zien Auzitegi Nazionalak.

Zigorrak zenbatzeko orduan EBk 2008an hartutako erabakia gaizki interpretatu dutela uste du fiskalak. Europako araudia duela gutxi sartu du Kongresuak Espainiako legedian.

2010eko abuztuaren 15ean

Kongresuak lege organikoa onartu zuen azaroaren 12an. Fungairiñoren hitzetan, 2010eko abuztuaren 15a baino lehen Europako herrialde baten Justiziak ezarritako zigorra pilatzerik ez dago. Ondorioz, lau preso horiek Frantziako espetxeetan igarotako denbora kentzerik ez dagoela uste du fiskalak.

EBren erabaki markoa zuzentaraua ez dela gogorarazi du fiskalak, eta, beraz, ez dela loteslea. Europako araudiak ?ez du zuzenbide nazionala oztopatzerik?, erantsi du Fungairiñok.

Frantzian betetako zigorra kontuan hartuta lau presoek espetxean igaro beharreko denbora kalkulatu behar ote den ebatzi beharko du Gorenak orain. Preso horiek aske utzi beharra ekar dezake erabaki horrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Auzitegi Gorena albisteak Presoak ETA gaur