Politika -

Erreakzioak

Arraiz: 'Zalantzarik gabe, Estatu terrorista baten aurrean gaude'

Guardia Zibilaren operazioa “mendekuan oinarritutako erantzuna” dela adierazi du gaur Hasier Arraiz Sortuko presidenteak.

Arraiz: 'Herri honek Guardia Zibilari xake-mate egiteko unea da'

01:48

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilaren operazioa “mendekuan oinarritutako erantzuna” dela adierazi du gaur Hasier Arraiz Sortuko presidenteak. “Iritsi da Guardia Zibilari xake-matea emateko garaia”. Sortu presidenteak gaineratu duenez, "zalantzarik gabe Estatu terrorista baten aurrean gaude".

Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuak Guardia Zibilak egindako atxiloketak arbuiatu ditu, eta Espainiako Gobernuari bake-prozesuan “atzerapausoak ematea” egotzi dio. “PPren Gobernuak bake-prozesua nola ulertzen duen erakusten du atxiloketen bidez; orain arte egin duen gauza bakarra prozesu hori oztopatzea izan da”, horren hitzetan.

Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak esan du polizia-operazioa “pairatzen dugun demokrazia mailaren erakusgarri” dela. “Herritarrek ozen eta argi hitz egin zuten larunbatean Bilboko kaleetan, gatazkaren konponbideari buruz”, nabarmendu du.

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak, berriz, operazioa “iragan larunbateko manifestazioari emandako erantzuna” dela adierazi du. Horren aurrean, Euskal Herriko eragile eta erakundeei dei egin die “elkarlanean aritzeko”. “Onartezina da”, azpimarratu du.

Joseba Egibar EAJren bozeramaileak salatu duenez, gaurko operazio judizial eta polizialek "iraganera garamatzate". "ETAk indarkeria utzi eta hiru urtera, ulertezina da guztia ETA da printzipioan oinarrituta aparteko operazioak egiten jarraitzea", kritikatu du buruzagi jeltzaleak.

Eusko Alkartasunak jarduera politikoa “judizializatzeari uzteko” eskatu dio Espainiako Estatuari, eta “bere estrategiarekin tematuta” egotea egotzi dio Rajoyren Exekutiboari. “Euskal Herria iragan beltzean ainguraturik eduki nahi du, euskal gizartea iragan hori gainditu eta denon artean etorkizun hobea eraikitzeako aurrera egiten ari den bitartean”.

Rebeka Ubera Aralarreko idakzari orokorrak "estatu faxista baten dinamikaren" baitan kokatu du gaurko operazioa. Oinarrizko balore demokratikoaren aurka egindako eraso larri da", adierazi du Uberak.

Atxiloketak zergatik agindu dituzten ezagutzera itxarongo du PSE-EEk, baina, ETA deseginda izango balitz, “talde armatuko kidea” leporatzea “ezinezkoa” litzatekeela azpimarratu dute sozialistek.

Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteak nabarmendu duenez, ETA “ez da oraindik desegin” eta, hortaz, “Gobernuaren betebeharra da talde terrorista horren aurka borrokatzen jarraitzea”.

UPNk, berriz, Segurtasun Indarren eta epaileen operazioarekin bat egin du, “euren lana egin dutelako”.

UPyD, bestalde, Guardia Zibilaren alde agertu da, “oraindik ere ETAren ibilbidea defendatzen duten pertsonak daudelako”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskadi Ta Askatasuna albisteak