Politika -

Polizia-operazioa

Atxiloketek bake prozesuari kalterik ez egitea espero du Jaurlaritzak

Gainera, "leialtasun instituzionalik ez edukitzea" leporatu dio Espainiako Gobernuari, operazioaren berri ez emateagatik.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea. Argazkia: EiTB
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak "leialtasun instituzionalik ez edukitzea" leporatu dio Espainiako Gobernuari, ezker abertzaleko abokatuen kontrako polizia-operazioaren berri ez emateagatik, eta atxiloketek bake prozesuari kalterik ez egitea espero du.

Guardia zibilak Ogasunari 1,3 milioi eurotik gorako iruzurra egitea inputatuta atxilotu ditu abokatuak, 2012 eta 2013 artean EPPK kolektiboko presoekin egindako lanagatik.

Erkorekak prentsaurreko batean azaldu duenez, "premiazko agerraldia" egin du atxiloketa horien harira, baina ez du "sakoneko gaiaren" inguruko iritzirik eman, epaileen lanarekiko "errespetuagatik" eta nahikoa informaziorik ez duelako.

Horren harira, Espainiako Gobernuak Jaurlaritzarekiko izan duen "leialtasun instituzional eza" kritikatu du, "lehenik hedabideei" jakinarazi dielako operazioaren informazioa, Jaurlaritzaren aurretik.

Erkorekak berretsi du Jaurlaritzaren helburua "bakea, normalkuntza politikoa eta elkarbizitza egonkortzea" dela, eta "ETAren amaiera ordenatuaren" kudeaketan "eragile guztien ardura" aldarrikatu du.

Horren harira, "operazioaren amaiera dena dela, testuinguru politikoa ez kaltetzeko" deia egin die eragileei, "bakea eta elkarbizitza lortzea zailagoa izan ez dadin".

Gainera, Erkorekak "azpimarragarri"tzat jo du atxiloketak Bilboko manifestazio jendetsuaren biharamunean eta Auzitegi Nazionalean ezker abertzaleko 35 kideren kontrako epaiketa hasteko zorian zenean egin izana.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak argazkiak