Politika -

Auzitegi Gorena

Auzitegi Gorena, zigorrak pilatzearen kontra

Kepa Pikabea presoaren helegitea atzera bota du. Europako araudia betetzea eskatzen zuen helegiteak, Frantziako Estatuan bete dituen espetxe urteak Espainiako zigorrari kentzeko.

Auzitegi Goreneko epaileak. Argazkia: Efe
Auzitegi Goreneko epaileak.
Zigorrak pilatzearen aurka egin du Auzitegi Gorenak

1:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenaren arabera, Europar Batasunean betetako zigorrak pilatzea aurreikusten duen arau europarrak ezin du eragin euskal presoak libre geratzea, Frantziako Estatuan betetako espetxe urteak Espainiako Estatuaren zigorrari kenduta. Hori horrela, Auzitegi Nazionalak Santi Potrosen eta beste hiruren kasuan hartutako erabakiaren kontra egin du Gorenak.

Auzitegi Goreneko Zigor Aretoko epaile gehienak (bederatzi seiren aurka) Kepa Pikabearen helegitea atzera botatzearen alde agertu dira, hau da, fiskalak eskatutakoari jarraituta, Europako araudia ez dela bete behar ebatzi dute.

Gorenaren erabakia preso jakin baten ingurukoa bada ere, irizpide orokor bat ezarriko du, EBko araua Espainiako Estatuan nola aplikatu zehaztuko du.

Dagoeneko dozenaka presok eskatu diote Auzitegi Nazionalari kartzela-zigorra berrikusteko, Frantziako Estatuan betetako espetxe urteak kontuan izanda zigorra murrizte aldera.

Auzitegi Nazionalak espetxetik atera ditu duela gutxi Santiago Arrospide Sarasola, Santi Potros, eta Alberto Plazaola, arau europarra aplikatzea erabaki ondoren.

Auzitegi Nazionaleko Lehenengo Sekzioak hartutako erabakiak ez zuen bat egiten auzitegi bereko beste sekzio batzuen ebazpenekin.

Hori horrela, Auzitegi Goreneko Zigor Aretoko epaileek bilera egin dute 10:30ean, Kepa Pikabearen kasua oinarri hartuta, irizpidea bateratzeko, hau da, preso jakin batzuek Frantziako Estatuan bete dituzten espetxe urteak Espainiako zigorrari kendu behar ote zaizkion erabakitzeko.

Helegitea jartzeko aukera

Orain, auzitegiek berrikusi egin beharko dituzte Auzitegi Nazionalak libre utzitako presoen kasuak, baina oraindik kaltetuek helegitea jar diezaiokete Auzitegi Gorenaren erabakiari.

Epaile batzuk Luxenburgoko Auzitegiari galdetzearen alde agertu dira, berak esan dezan nola aplikatu behar den Espainiako Estatuan Europar Batasuneko Kontseiluak 2008an hartu zuen erabakia.

Kontra agertu diren sei epaileek boto partikularra adostuko dute eta litekeena da Pikabeak Estrasburgoko auzitegian jar dezakeen helegitean testu horretan agertutako argudioak azaltzea.

Espainiako Kongresuak azaroan onartu zuen arau europarra Espainiako legedian sartzeko lege organikoa.

56 presori eragiten die

Etxerat euskal presoen senideen elkarteak "legez kanpoko"tzat jo du Gorenaren erabakia, eta 56 preso "Europako Marko Akordioarekin kalean egongo liratekeela" jakinarazi du.

Gainera, neurriak, presoei ez ezik, senide eta lagunei ere eragingo diela azpimarratu du. "Europaren gainetik, bere legearen gainetik, guztiaren gainetik, kartzelan uztea erabaki dute, neurria legez kanpokoa dela dakiten arren", adierazi du Etxeratek.

Bestalde, Gorenaren erabakia ezagututa, atzoko polizia-operazioak "are zentzu handiagoa" duela uste dute senideek; izan ere, "bazekiten hori egingo zutela, zuzenbidearen, Europaren eta euren legeen kontrako eraso juridikoa; eta, horregatik, lehenik, abokatuak atxilotu dituzte. Hala, inork ezin izango du salatu".

"Jokaldi makiabeliko horretan, bazekiten legez kanpoko neurri hori salatzeko arazoak ugaritu egingo zirela abokaturik gabe. Biluzik gaude", gaineratu du presoen senideen elkarteak.

Era berean, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jaurlaritza kritikatu ditu, ez direlako "behar dutena" egiten ari, eta "euskal herritarren giza eskubideen defentsarekiko konpromisoa non dagoen" galdetu du.

Eusko Jaurlaritza

Dena den, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak ere kritikatu du Gorenaren erabakia, presoen gizarteratzearen kontra doalako, eta helegitea jartzean Europako Justiziak Gorenaren erabakia atzera botako duela uste du.

"Deigarria da Espainiako Gobernuaren jarrera, lege erreformek kontrakoa bilatzen baitute: askatasuna kendu dieten pertsonen gizarteratze prozesuari oztopoak eta zailtasunak jarri", gaineratu du Jaurlaritzaren bozeramaileak.

EHBildu

EH Bilduren iritziz, Gorenaren erabakiak Parot doktrinak bezalaxe amaituko du, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak bertan behera utziko du.

Julen Arzuagak Bilbon emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, Gorenak "konfrontazioaren eta tentsioaren zerbitzura jartzea erabaki du, bakearen eta normalizazio politikoaren alde egin beharrean".

Arzuagak gaineratu du erabakiak agerian uzten duela Espainiako Estatuak "presoa kaltetzea" bilatzen duela, "bortxaz" zigorrak luzatzen dituelako.

Orain, EH Bilduk "beharrezko" erabakiak hartuko omen ditu, "auzitegi arbitrario eta politiko baten erabakiak inpugnatzeko".

EAJk, berriz, "atzerapauso handi"tzat jo du Gorenak hartu duen deliberoa, eta "Espainiako Gobernuaren presioak baldintzatua" izan litekeela adierazi du.

Eusko Alkartasunaren arabera, Espainiako Estatuak "Europako legedia urratzen du Euskal Herriaren bakea eta normalizazioa oztopatzeko helburuarekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak argazkiak