Politika -

Polizia operazioa

Atzemandako dirua itzultzeko eskatu dio Sarek Auzitegi Nazionalari

Plataformak kontu korronte bat ireki du dohaintzak jasotzeko, diru horrekin manifestazioaren gastuak ordaindu ahal izateko, Guardia Zibilak eramandakoarekin pagatu behar baitzituzten.

Sareren ordezkariak, gaur. Argazkia: Efe
Sareren ordezkariak, gaur.
Sareren ordezkariak, gaur. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sare euskal presoen eskubideen aldeko plataformak idatzi bat aurkeztu du Auzitegi Nazionalean, Guardia Zibilak LABen Bilboko egoitzan atzemandako dirua itzul diezaioten. Izan ere, diru hori presoen sakabanaketaren kontrako manifestazioan bildu zuten.

Bilbon emandako prentsaurreko batean Joseba Azkarraga eta Arantza Aldezabal Sareren bozeramaileek, dozenaka herritarrekin batera, azaldu dutenez, kontu korronte bat ireki dute dohaintzak jasotzeko, diru horrekin manifestazioaren gastuak ordaindu ahal izateko, Guardia Zibilak eramandakoarekin pagatu behar baitzituzten.

150 inguru poltsatan banatuta, 90.000 euro inguru bildu omen zituzten manifestazioan, partehartzaileek emanda. Diru hori LABen egoitzan gorde zuten, bankuak itxita zeudelako, eta egoitza manifestazio amaitu zen lekuaren ondoan dagoelako.

Sarek azpimarratu du sindikatuak ez duela diruarekin zerikusirik, egin zuen bakarra dirua gordetzeko baimena ematea izan zela.

Presoen eskubideen aldeko plataformako kideek esan dute ez dutela ezer ezkutatzeko, manifestazioaren aurreko azken prentsaurrekoan bertan jakinarazi zutela dirua biltzeko asmoa zutela gastuak ordaintzeko.

"Eskenatokia eta soinu ekipoa jarri zuten enpresei eta manifestazioaren publizitatea egin zutenei ordaindu egin behar zaie", azaldu dute Sareko kideek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak albisteak