Politika -

Katalunia

ERCk eta CDCk oniritzia eman diote Masen eta Junquerasen akordioari

Hala ere, CDCko eta ERCko kontseilu nazionalek onartu dute oraindik ere lana egin beharra dagoela ibilbide orria adosteko.

Josep Rull, Artur Mas eta Lluis Corominas CDC alderdiaren kontseilu nazionalean. Argazkia: EFE
Josep Rull, Artur Mas eta Lluis Corominas CDC alderdiaren kontseilu nazionalean. Argazkia: EFE
Josep Rull, Artur Mas eta Lluis Corominas CDC alderdiaren kontseilu nazionalean. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CDCko eta ERCko kontseilu nazionalek balioetsi egin dute Artur Mas Kataluniako presidenteak eta Oriol Junqueras ERCko buruak aste honetan adostutako akordioa. Bi alderdiek eta subiranotasunaren alde dauden eragileek egindako bileran, Kataluniako hauteskundeak irailaren 27ra aurreratzea erabaki zuten.

Junqueras buru zuen ERCko kontseiluak ontzat eman du akordioa. Gaurko kontseilu nazionalean adostutakoa eztabaidatu dute eta, bozketa formalik izan ez bada ere, kontseilari guztiek berretsi dute akordioa.

Bestalde, CDC alderdiak Cerdanyola del Valles herrian egin du kontseilu nazionala eta bertan Mas txalotu egin dute "akordioa eta batasuna" lortzea ahalbidetzeagatik. Hala adierazi du Josep Rull CDCko koordinatzaile nagusiak. Hala eta guztiz ere, aitortu du oraindik ere lan asko dagoela egiteke ERCrekin bide orria adosteko.

Gai horretan, Junqueras Rullekin bat etorri da. Bere hitzaldian, independentziaren aldeko "gehiengo esplizitu eta garbia" lortzeko lan egitea eskatu du eta baieztatu du ahal duen guztia egingo duela zalantzak dituzten herritarrengana iristeko.

Hauteskunde horiek Kataluniaren historiako erabakigarrienak izango dira, Junquerasen arabera. Avui egunkariari eskainitako elkarrizketan azpimarratu du boz horiek behin betikoak izango direla eta, independentziak irabaziz gero, ez dela beharrezkoa izango erreferenduma egitea.

Azken puntu horretan ez datoz bat CDC eta ERC. Izan ere, bi aldeak lantzen ari diren dokumentuak erreferendum loteslea egitea aurreikusten du, posible bada.

Edozein kasutan, posible ez bada dokumentuak proposatzen du lehenik estatua aldarrikatzea eta, gero, erreferendum bat egitea Konstituzioa onartzeko eta Kataluniako Parlamentu berria aukeratzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako erreferenduma