Politika -

Espainiako Talde Armatuak

1980ko atentatu baten espedientea eskatu dio EAJk Barne Ministerioari

Alonsotegiko (Bizkaia) taberna baten aurka egindako erasoaren datu guztiak eskatu dizkio Aitor Esteban bozeramaile jeltzaleak Exekutiboari. Atentatuan lau pertsona hil zituzten.

Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramailea. Artxiboko irudia: EiTB
Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramailea. Artxiboko irudia: EiTB
Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramailea. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1980an Alonsotegiko (Bizkaia) taberna baten aurka egindako atentatu baten espedientea eta datu guztiak eskatu dizkio Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak Barne Ministerioari. Erasoan lau pertsona hil zituzten.

1980ko urtarrilaren 20an, goizaldean, lehergailu bat zartarazi zuten Aldana tabernaren atean. EAJko jarraitzaileak eta militanteak ziren tabernako bezeroak. Atentatuan Alonsotegiko lau bizilagun hil zituzten eta beste hamar bat zauritu.

Espainiako Talde Armatuek (GAE) erasoa aldarrikatu zuten. Orain arte ez dute inor auzitara eraman. Atentatuan Liborio Arana, Pacifico Fica, Maria Paz Armiño eta Manuel Santacoloma Velasco hil zituzten.

35 urteotan erasoaren inguruan “erabateko isiltasuna” izan dela salatu du Estebanek; izan ere, “biktimei edo agintariei ez zieten sekula gertatutakoaren berri eman, ezta argitzeko ezer egin ere”.

Atentatua egin zenean, eta urte batzuk geroago GALen krimenak ikertzen hasi zirenean, erasoa “Barakaldoko Polizia Nazionalaren polizia-etxeko buruek” egin zutela zioten zurrumurruek. EAJren arabera, “sei kilo lehergai plastiko zituen lehergailua Poliziak jarri zuen”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea Gaurko albisteak Bizkaia Atentatuak