Politika -

Auzitegi Nazionala

'Santi Potros' epailearen esku utziko dute gaur

ETAk 80ko hamarkadan egindako bi atentatu direla eta galdekatuko du Fernando Andreu epaileak.

Santiago Arrospide, espetxetik ateratzen. EFE
Santiago Arrospide, espetxetik ateratzen. EFE
'Santi Potros' atxilotu egin dute, bi atentatu egotzita

1:52

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santiago Arrospide Sarasola, Santi Potros, ETAko buruzagi historiko ohia Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epailearen esku utziko dute gaur. 09:00etan eramango dute bertara, eta, ondoren, epaileak behin-behinean kartzelatzea aginduko du segur aski.

Auzitegi Nazionalak aske utzi zuen abenduaren hasieran, Frantziako espetxeetan eman zuen denbora Espainian ezarritako zigorraldian kontuan hartzea onartu zuelako, Europako araudi bati jarraiki. Joan den astean, baina, Auzitegi Gorenak arau hori ezartzearen aurka egin zuen, eta erabaki horrek preso ohia berriz kartzelatzea ekar zezakeen. Hala ere, beste bi auzi egotzita atzeman dute azkenean.

Hain zuzen ere, ETAk 1986an eta 1987an egindako bi atentatu leporatuta agindu du atxiloketa Auzitegi Nazionaleko 4. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak. Lehen erasoa Luis Antonio Buron Barba Estatuko fiskal nagusi zenaren kontrakoa izan zen, eta, bigarrena, Bartzelonan, Guardia Zibilaren patruila baten kontrakoa. Azken horretan, pertsona bat hil zen.

Frantziako Poliziak 1987an atxilotu zuen ETAko buru ohia, eta, 2000. urtean, Espainiaratzea onartu zuen, baina beste auzi batzuengatik, ez aipatutako biengatik. Horregatik, Espainiako Justiziak ezin zuen Arrospideren aurka egin bi atentatu horien kasuan.

Orain, Auzitegi Nazionalak estradizio itunaren 14.1 artikuluari heldu dio 'Santi Potros' atxilotzea agintzeko. Izan ere, Fernando Andreu instrukzio-epailearen esanetan, "[Arrospide] aske geratu zen egunetik, Espainiatik alde egiteko edota Frantziara itzultzeko 45 eguneko epea zuen, baina ez du hala egin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea