Politika -

Gobernu bilera

Erkoreka: 'PPren presioen ondorioz dator Arrospideren atxiloketa'

Jaurlaritzaren bozeramailearen iritzian, Mariano Rajoyren Gobernua “epaileek hartu behar dituzten erabakien iragarle bihurtu da”.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Popularrak egindako presioen ondorioz eman dute epaileek Santiago Arrospide Sarasola, ‘Santi Potros’, ETAko buruzagi ohia atxilotzeko agindua, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen iritzian.

Gobernu bileraren ondoren egindako agerraldian, Santiago Arrospiderekin gertatutakoaren aurrean Jaurlaritza "harrituta" dagoela esan du Erkorekak.

Erkorekak salatu duenez, Santiago Arrospide atxilotu eta espetxeratzeko erabakia “PPren Gobernuak egindako presioen ondorioz” etorri da.

Horren esanetan, Mariano Rajoyren Gobernua “epaileek, eta ez epaileek bakarrik, hartu behar dituzten erabakien iragarle” bilakatu da.

Adibide moduan, azaroaren 9ko prozesu parte-hartzailearen ondoren Fiskaltzak hartutako erabakia aipatu du Erkorekak. “PPko ordezkari batek aurreratu zuen bezala jardun zen Fiskaltza”, zehaztu du.

ETAko presoek Europako beste herrialdeetan betetako zigorrak pilatzeari buruz duen iritzia ere eman zuen Mariano Rajoyren Gobernuak, “eta Gorenak, bere irizpidea aldatuz, Gobernuaren bidea hartu zuen”, azaldu du.

“Santi Potrosen kasuan ere, berriro espetxeratzea eskatu zuen Gobernuak, eta, hara, espetxeratu egin dute”, azpimarratu du.

“Norbaitek bere buruari galdetu behar dio ea nola lortzen duen PPko Gobernuak iragarpen guztiak asmatzea”, esan du Erkorekak. “Azalpena epaitegi horietako epaileek ematen digute”, erantsi du.

Auzitegi Goreneko zenbait epailek “presioak eta injerentziak” jasan zituztela salatu zuten duela hilabete batzuk, Erkorekaren esanetan, “eta Auzitegi Nazionaleko batzuk ere kexu direla ikusi dugu gaur bertan”, gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Presoak ETA albisteak