Politika -

Harrera

Terrorismoaren biktimen elkarte guztiei harrera egingo die Urkulluk

Oraingoz, ez dute harrera horretarako datarik zehaztu, baina hori izango da Eusko Jaurlaritzak biktimen alorrean egingo duen ekintzetako bat.

Iñigo Urkulluk terrorismoaren biktimen elkarte guztiei harrera egingo die. Argazkia: EiTB
Iñigo Urkulluk terrorismoaren biktimen elkarte guztiei harrera egingo die. Argazkia: EiTB
Iñigo Urkulluk terrorismoaren biktimen elkarte guztiei harrera egingo die. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak Espainiar estatuko terrorismoaren biktimen elkarte guztiei harrera bateratua egingo die, oraindik ekitaldi horren data zehatza zehaztu gabe badago ere.

Hori izango da Eusko Jaurlaritzak, biktimen alorrean, 2015ean egingo duen ekintzetako bat. Hala iragarri du gaur Eusko Jaurlaritzak, Gasteizen, Terrorismoaren Biktimen Parte-hartzerako Euskal Kontseiluaren bileran.

Lehendakaritzako iturriek azaldu dutenez, harrera horren helburuetako bat da bistaratzea Eusko Jaurlaritzak erakunde horiekin dituen harremanak. Litekeena da harrera hori ekainean izatea, iturri horien arabera.

Gaur, Terrorismoaren Biktimen Parte-hartzerako Euskal Kontseiluaren urteko lehen bilera egin dute eta bertan 2015eko egitasmoa aurkeztu dute: "2015eko jarduera-plana biktimen alorrean. Elkargunerako asmoak mantentzea eta indartzea".

Dokumentu horretan, Eusko Jaurlaritza abiapuntu batetik abiatzen da; hain zuzen ere, azken urteetan indarra hartu duena eta "elkarbizitzara bidean elkarguneak lortzeko borondatea erakusten duena". Jaurlaritzaren arabera, bide horrek 2015ean ere jarraipena izan behar du.

Ildo horretan, Bake eta Bizikidetza idazkaritzaren dokumentuak Eusko Jaurlaritzak biktimen alorrean 2015ean egingo dituen ekintzak jasotzen ditu.

Ekintza horien artean dago, esaterako, "Memoriaren udal erretratua" deiturikoa. Dokumentu horietan herri bakoitzeko biktimak biltzen dira, udal bakoitzak horiek gogoratzeko ekitaldiak egin ditzan.

Estatuko segurtasun indarren biktimen elkarteak euskal kontseilua utzi du

ACFSEVT Espainiako Terrorismoaren Biktimen eta Segurtasun Indarren elkarteak Terrorismoaren Biktimen Parte-hartzerako Euskal Kontseiluko kide izateari utzi dio, organu horrek historiaren errealitatea faltsutzen dela eta biktimak manipulatzen direla argudiatuta.

Francisco Zaragoza Estatuko Segurtasun Indarren eta Armadaren biktimak ordezkatzen dituen elkarteko presidenteak gaurko bileran iragarri du "atzeraezina" den erabakia.

Zaragozak eskutitz bat eman dio Jose Luis de la Cuestari, Terrorismoaren Biktimen Parte-hartzerako Euskal Kontseiluko presidenteari, eta bertan kontseilua uzteko arrazoiak azaldu ditu. Hainbat arrazoi aipatu ditu, tartean, biktimen elkarteen parte-hartzea foro horretan sinbolikoa eta hutsala dela, borreroei biktimei baino lehentasun handiagoa ematen zaiela, zenbaitetan indar polizialen biktimak iraindu dituztela, historiaren errealitatea faltsutzen dela eta biktimak manipulatu nahi direla.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Urkullu