Politika -

PPren konbentzioa

Rajoy: 'Espainian ez dago inpunitaterik'

Espainiako Gobernu presidenteak baieztatu du erakundeek funtzionatzen dutela eta irregulartasunak zigortu egiten direla.

Mariano Rajoy. Argazkia: EiTB
Mariano Rajoy. Argazkia: EiTB
Aldaketa ekonomikoa, Rajoyren hitzaldiaren ardatza

1:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernu presidentearen esanetan, Espainian ez dago inpunitaterik eta baieztatu du ez duela baimenduko ustelkeriak popularren ohorea zikintzea, ezta Espainiaren irudia eta PPren kudeaketa ere.

"Espainian ez dago inpunitaterik, erakundeek funtzionatu egiten dute, irregulartasunak zigortu egiten dira", adierazi du Rajoyk. Horren iritziz, poliziek, epaileek eta fiskalek inoiz baino babes handiagoa dute ustelkeriaren kontrako borrokan. Hala adierazi du, PPren Konbentzio Nazionalaren itxiera ekitaldian.

"Arduratzen nauena zera da: gutako batzuk ez direla PPren ibilbidearen maila berean egon", adierazi du. Rajoyk azaldu du inork ez lukeela politikara jauzi egin behar "onura pertsonala lortzeko asmoarekin", baina onartu du ezin dutela kide guztien portaerak bermatu. "Agian beste batzuek, bai", gaineratu du.

"Egia da kasu horiek jazo direla" eta horiek erantzun irmoa merezi dutela nabarmendu du. Halaber, esan du kasu horiek saihestu daitezkeela eta Gobernua hori lortzeko lanean ari dela.

"Garrantzitsuena guk egin ahal dezakeguna da, eta ez besteek diotena", azpimarratu du. Ildo horretan, azaldu du Gobernua ustelkeriari aurre egiteko erantzunak eskaintzen ari dela, herritarrek eskatu bezala.

"Ez dugu baimenduko gai horiek PPren eta militanteen ohorea zikintzea, ezta Espainiaren irudia eta erakundeen errespetua kaltetzea ere", nabarmendu du.

Azkenik, aitortu du akatsak egin dituztela eta gauzak hobeto egin ahal zirela, baina adierazi du PPk jarrera zigorgarri bat atzeman duen bakoitzean esku-hartu egin duela.

Rajoy: "Espainia da Europan enplegu gehien sortzen duen herrialdea"

Rajoyk azpimarratu du Espainia dela Europan enplegu gehien sortzen duen herrialdea, hiru hilabetez jarraian hazkunde positiboa izan duela eta inoizko arrisku primarik txikiena duela.

Hala, alderdikideei eskatu die harrotasunez irteteko kalera eta ez dezatela inolako erreparorik izan esateko 2014an eta 2015ean milioi bat enplegu sortuko direla, "hori horrela izango da eta".

Mariano Rajoyren esanetan, ekonomiak hazten jarraitzen badu, zergak jaisteko aukera izango da.

"Kataluniako hauteskundeak ez dira Espainiaren hausturarako pauso bat izango"

Espainiako Gobernuburuak bermatu du Katalunian irailaren 27an egingo dituzten hauteskundeak ez direla Espainiaren hausturarako pauso bat izango.

Azpimarratu duenez, ez dira plebiszitu hauteskundeak izango eta Kataluniako hauteskundeek betiko izaera izango dute. "Erreferendumaren simulazioaren ondoren, plebiszitu hauteskundeen simulazioa egin nahi dute orain".

Rajoyk Aznar "ohorezko presidente"ari aipamena egin dio

Espainiako Gobernu presidenteak hoztasuna erakutsi du Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohiari erreferentzia egiterakoan. Izan ere, eskertzen tartean aipatu du, "ohorezko presidente" gisa, konklabearen arrakastatsua izan zedin beren laguntza eman duten kargudunen artean.

Rajoyk "Espainia hondamenditik salbatzeko" hiru urteotan egindako lana aldarrikatu du eta aldaketa gauzatu dela gaineratu du. Horren ustez, "aldaketa errealitate bat da eta orain horretan sakontzea eta aurrera egitea tokatzen zaigu". Hori dela eta, lehenik eta behin galdera honi erantzun behar zaiola adierazi du: "Gure alderdiak agintzen duenetik izan al da aldaketarik?".

Galdera horrekin, zeharka, Aznarri erantzun ei dio. Irekiera ekitaldian, Aznarrek hainbat galdera egin zizkien entzuleei: "PPk hauteskundeak irabazteko asmoa al du? "Non dago PP?". Jose Maria Aznarrek ez zituen Rajoyren Gobernuaren erreformak balioetsi eta hainbat buruzagik hori aurpegiratu diote presidente ohiari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PP Rajoy albisteak