Politika -

Epaitegiak

Pujolek berretsi du aitaren herentzia zela ezkutuan gordetako dirua

Kataluniako presidente ohiak esan du gutun batzuek egiaztatzen dutela hori, baina ez ditu frogak auzitegira eraman nahi izan. Marta Ferrusola emazteak uko egin dio deklaratzeari.

Pujol eta Ferrusola emaztea epaitegira heltzean. EFE
Irainak tarteko hartu dituzte pujoldarrak epaitegian

1:46

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiak Bartzelonako 31. zenbakiko epaitegian inputatu gisa deklaratu du gaur, bi orduz, iruzurra eta dirua zuritzearen delituengatik. Epaileak emaztea eta bikotearen hiru seme-alaba ere galdekatuko ditu, familiak atzerrian gordeta eduki zuen dirutza dela eta.

Pujol familiako bost kideak abenduan inputatu zituen Bartzelonako epaileak, hainbat alderdi politikok eta Manos Limpiasek aurkeztutako kereilaren harira. Uztailean, ustez Florenci aitak utzitako herentzia 30 urtez Andorrako banku batean gordeta izan zuela aitortu zuen Jordi Pujolek eta "egindako akatsagatik" barkamena eskatu zuen.

Kataluniako presidente ohiak epailearen aurrean adierazi duenez, atzerrian ezkutuan zuen dirutzak Florenci aitak utzitako 140 milioi pezetako ondarean du jatorria; eta herentzia hori gutun batzuek egiaztatzen dute, baina ez ditu erakutsi, auzitegiko iturriek jakitera eman dutenez.

Bi ordu eman ditu Jordi Pujolek epailearen aurrean. Eguerdiko 12:30ean, bere emaztearekin atera da epaitegitik. Marta Ferrusolak ez du deklaratu nahi izan. Segidan, bikotearen hiru-seme alabak galdekatuko ditu epaileak.

Epaitegitik irtetean, kazetarien galderei erantzuteari uko egin dio Kataluniako presidente ohiak: "Esan beharrekoak zegokion tokian esan ditut", esatera mugatu da.

Auzipetutako Pujolen hiru seme-alabek ere deklaratu dute epailearen aurrean. Azaldu dutenez, herentzia jaso zutenean (62na milioi euro) Florenci aitonak utzitako dirua zela esan zieten, aitaren lan politikoagatik dirurik gabe geratzearen beldur zela eta horregatik utzi nahi izan ziela dirua.

Epaitegira, irainen artean

Pujolen deklarazioak ikusmin handia sortu du eta goizean goizetik kazetari eta argazkilari ugari izan dira Bartzelonako epaitegi aurrean, Pujol sendia noiz helduko. 10:00etarako minutu batzuk falta zirela heldu dira presidente ohia eta Marta Ferrusola emaztea epaitegira, poliziak babestuta.

Inguruan zeuden justizia funtzionarioek eta herritarrek irainak bota dituzte bikotearen kontra, eta manifestari batek "Pujol familia, zoazte pikutara" zioen kartela erakutsi du.

"Ez dute ziurtagiririk aurkeztu"

Inputazioa bertan behera uztea eskatuz defentsak egindako eskaera arbuiatu du berriki epaileak. Orduko hartan argudiatu zuenez,  inputatuek "funtsen inguruko azalpen eskasak eman dituzte eta ez dute dirutzarekin 30 urtez egindako operazioen nondik norakoen ziurtagiririk aurkeztu".

Epailearen ustez, ez dago esaterik dirutza "Generalitateak eskuratutako zerbitzu eta lanengatik legez kanpoko komisioetatik datorrenik" eta Florenci aitaren herentziaren ingurukoak bakarrik dira ikertu beharrekoak.

"Orain arte emandako azalpenak osatugabeak eta kontraesankorrak dira. Florenci Pujol hil zen unean diru-funtsa zenbatekoa zen zehaztu beharra dago, baita 2014ko uztailean erregularizatu zuten dirutza zenbat zen ere", azaldu zuen epaileak autoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Ustelkeria politikoa azken albisteak Ustelkeria politikoa Jordi Pujol albisteak