Politika -

Jaurlaritzaren errekurtsoa

Osasun-txartelaren aurkako helegitea atzera bota du Auzitegi Gorenak

Gorenaren hitzetan, osasun sistema “bakarra da eta espainiar guztiek artatzeko eskubidea dute Estatuko edozein tokitan”. Dekretuak EAEko eskumenak urratzen ez dituela uste du Gorenak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak osasun-txartela arautzeko dekretuaren kontra aurkeztutako helegitea atzera bota du Auzitegi Gorenak aho batez. Arauak Gasteizko Exekutiboaren eskumenak ez dituela urratzen azaldu du Gorenak sententzian, iturri juridikoek jakitera eman dutenez.

2014ko martxoaren 9an bi errekurtso aurkeztu zituen Jaurlaritzak. Botiken koordainketa eta osasun-txartelak arautzeko Estatuko legedien aurka egin zuen Gasteizko Exekutiboak.

Osasun-txartelaren araudia “neurriz gainekoa” dela uste du Iñigo Urkulluren Exekutiboak, eta Osasun Saila antolatu eta garatzeko ez duela tarterik uzten erantsi zuen Jaurlaritzak.

Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoak osasun-txartela igortzeko eskumena duela azaltzen zuen Jaurlaritzak helegitean. Gasteizko Exekutiboaren ahotan, “neurriz gaineko funtzioekin oinarrizko legediaren espiritua urratzen dute”.

Hala ere, osasun sistema “bakarra” dela eta “Estatuko edozein tokitan espainiar guztiek artatzeko eskubidea” dutela esan du Gorenak sententzian, eta Jaurlaritzaren helegitea atzera bota du. Erkidego autonomoen eskumenak ez direla urratzen gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Auzitegi Gorena bideoak