Politika -

Epaiketa

Batasuna, EHAK eta EAEko buruen kontrako epaiketa, berriro atzeratuta

Haizea Ziluaga sei auzipeturen abokatuak defentsari uko egitea erabaki du, eta, beraz, auzipetu horiek epaiketa etetea eskatu dute. Mate operazioan atxilotutako abokatuetako bat da Ziluaga.

Mate operazioan atxilotutako abokatuen agerraldia. EFE.
Mate operazioan atxilotutako abokatuen agerraldia. EFE.
Mate operazioan atxilotutako abokatuen agerraldia. EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Batasuna, Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunista (EHAK) eta Eusko Abertzale Ekintzaren (EAE-ANV) zuzendaritzaren kontrako epaiketa bigarren aldiz atzeratu dute, sei auzipetuk hala eskatu ondoren. Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko Bigarren Sekzioak erabaki du bihar abiatzekoa zen epaiketa berriro atzeratzea, sei auzipetu horien eskaria onartuz.

Haizea Ziluaga sei auzipeturen abokatuak defentsari uko egitea erabaki du, eta, beraz, akusatu horiek epaiketa atzeratzea eskatu dute. Mate operazioan atxilotutako abokatuetako bat da Ziluaga.Auzitegi Nazionaleko iturriek jakitera eman dutenez, Zigor Aretoak epaiketa atzeratzea erabaki du, akusatuek aurkeztutako eskaria aldeei helarazteko. Abokatu berri bat izan arte, epaiketa ez abiatzea eskatu dute.

Auzipetuek aurkeztutako eskari horretan, bestalde, abokatu berriak kasuari buruzko informazioa izateko eta bere defentsa behar bezala prestatzeko beharko duen denbora kontuan hartzea eskatzen da. Mate operazioan 16 lagun atxilotu zituzten, tartean Batasuna, EHAK eta EAEren  buruzagitzaren kontrako epaiketan parte hartzekoak ziren hiru abokatu. Hori dela eta, egun horretan bertan hastekoa zen epaiketa atzeratzea erabaki zuten.

Sumarioan 35 inputatu daude; Pernando Barrena eta Juan Jose Petrikorena ezker abertzaleko buruzagi historikoak, tartean.  10 urteko kartzela-zigorra eta kargu publikoan aritzeko beste 10 urteko debekua eskatu du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak auzipetu bakoitzarentzat, ETAko kide izatea leporatuta, 4/08 sumarioan.

Era berean, EHAK eta EAE-ANV desegiteko eta legez kanpo uzteko eskatu du Ministerio Publikoak. Hala ere, bi alderdiak legez kanpo utzi zituen Auzitegi Gorenak 2008an.

Fiskaltzaren ondorioen behin-behineko txostenean jasotzen denez, EAE-ANV alderdia Batasunaren esanetara aritutako tresna bat izan zen, eta bi alderdiok diru-kutxa berbera erabili zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Epaiketak bideoak