Politika -

ETA-ren agiria

Erkoreka: 'ETArengandik espero dugun agiri bakarra desegitearena da'

Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen arabera, desegiten dela iragartzen duen arte, ETAk 'honetaz edo hartaz' dioenak ez du interesik gizartearentzat, eta erakundeek ez dute aintzat hartu behar.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EFE
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EFE
'Gizarteak espero duena ETAren desegitearen komunikatua da'

01:06

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen iritziz, ETAren azken agiriak ez du ezer berririk esaten, eta, horren ustez, egin beharko lukeena ez du aipatzen; desegitea, alegia.

ETAren agiria argitaratu eta gutxira, Erkorekak lehendabiziko balorazioa egin du kazetarien aurrean. Azken agirian, presoak "kosta ala kosta" kartzelan mantendu nahia egotzi dio ETAk Espainiako Gobernuari, eta EAJren jarrerak Estatuaren errepresioari mesede egiten diola gaineratu du.

Erkorekaren hitzetan, agirian "berrikuntzarik" ez dagoela ikus daiteke horren lehen irakurketan, eta testuan dagoeneko ezagunak diren ETAren jarrerak behin eta berriz errepikatzen direla.

"Faltan botatzen duguna zera da: bere behin betiko desegitea iragartzen duen agiria kaleratzea", azpimarratu du Erkorekak.

Hain justu, agiri hori izan arte, ETAk "honetaz eta hartaz" esan dezakeen guztiak "ez du euskal gizartearen interesa sortzen", eta, beraz, "ez du merezi erakundeek aintzat hartzea".

"ETArengandik espero dugun agiri bakarra desegitea iragartzen duena da", nabarmendu du Erkorekak.

Bestalde, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak esan du ETAren "barne kontsumorako" agiria dela gaur argitaratutako adierazpena. "ETAk indarkeria, sufrimendua eta pobrezia baino ez dizkio ekarri gure herriari", kritikatu du.

Presoen kateak askatzeko egin duen exijentziari dagokionez, Ortuzarrek azpimarratu du "euskal gizarteak ETAren enbarazua gainetik kendu" nahi duela.

Nerea Llanos Euskadiko PPren idazkari nagusiak garrantzia kendu dio komunikatuari eta ETAk hiru gauza egin behar dituela nabarmendu du: desegitea, eragindako mina aitortzea eta justiziarekin kolaboratzea argitu gabeko hilketak argitzeko.

Javier de Andres Arabako diputatu nagusiak, berriz, ETAk esaten duena "jada inori interesatzen ez" zaiola iritzi dio.

"ETAk desagertu egin behar du; desegin eta armak entregatu", adierazi du Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak.

Amaitzeko, Covite biktimen elkarteak ondokoa esan du: "ETAren hurrengo agiria kartzelan idaztea nahi dugu, egun ETA osatzen duten 30 bat terroristak atxilotu eta epailaren aurrean eramaten dituztenean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak ETA