Politika -

Araba

De Andres: 'Aretxabaletakoa irregulartasunetako bat baino ez da'

Hala ere, Javier de Andres ahaldun nagusiak aitortu du Aretxabaletako kontzejuan desagertu dela diru gehien (955.952 euro).

Aretxabaleta. Argazkia: EiTB

Aretxabaletako kontzejuan milioi bat euro falta da

1:27

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier De Andres Arabako ahaldun nagusiak baieztatu du Aretxabaletako kontzejuko kontu korrontetik 955.952 euro desagertu direla, baina onartu du Araban azken urteetan atzemandako irregulartasunetako bat baino ez dela. Dena den, aitortu du Aretxabaletako kontzejuan desagertu dela diru gehien.

Eusko Jaurlaritzan agerraldia egin ondoren, Javier De Andresek kazetarien aurrean hitz egin du. Arabako ahaldun nagusia pozik agertu da Kontuen Auzitegiak ikerketa irekitzea erabaki duelako, 955.952 euroren desagerpena argitzeko. Aretxabaletako kontzejuak 300 bat biztanle ditu, eta gaur egun Gasteizko Udalari atxikita dago.

Diru mugimendu horiek 2004 eta 2013 artean gertatu ei ziren.

"Dirua ez dago, auzitegiei dagokie lapurtu egin duten edo ez erabakitzea", adierazi du. Arabako ahaldun nagusiak aitortu du kasu "larriena" bada ere, ez dela Araban atzemandako gisa horretako bakarra.

De Andresen esanetan, hamaika irregulartasun atzeman dira hainbat kontzejutan, baina kasu gehienetan, desagertutako diru kopurua 100.000 eurotik beherakoa zen. Gaineratu duenez, kasurik gehienetan dirua dagokion kontu korrontera itzuli dute.

Izan ere, Arabako Alderdi Popularrak, Batzar Nagusietan oposizioan zegoen garaian, hainbat ekimen aurkeztu omen zituen hainbat herritarrek "gauza arraroak" gertatzen ari zirela egindako salaketen aurrean.

Azaldu duenez, Arabako aldundira iritsi zenean, Alderdi Popularrak "irregulartasunak" identifikatu zituen eta kasua Kontuen Euskal Auzitegira eramaten lagundu zion Aretxabaletako aginte organuari. Ondoren, Kontuen Euskal Auzitegiak auzia Estatuko Kontu Auzitegiaren esku utzi zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Aretxabaleta