Politika -

Polemika

PPren immigrazio politikaren aurka esandakoak berretsi ditu Izagirrek

Etorkinak "tiroka" hartzea leporatu zion alkateak PPri, Gibraltarreko itsasartean jazotzen denaren harira. Alderdi Popularrak eguerdian aurkeztuko du kereila.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak berretsi egin du atzo PPren immigrazio politikaren kontra esandakoak. Alderdi Popularrak etorkinak "tiroka" hartzen dituela esan zuen Izagirrek osoko bilkuran, Guardia Zibilak Gibraltarreko itsasartean jaurtitzen dituen gomazko pilotei erreferentzia eginez.

Izagirreren hitzetan, alderdi horren immigrazio politikarekiko "kritika" izan zen atzokoa,  "jatorri ezberdina duen jendea kriminalizatzeagatik" eta haien kontra, besteak beste, "indarkeria" erabiltzeagatik.

Ramon Gomez Alderdi Popularrak Donostiako Udalean duen bozeramaileak eta Borja Semper alderdiko Gipuzkoako presidenteak eguerdian aurkeztuko dute Izagirreren kontrako kereila, "irainak" egotzita.

Komunikabideei egindako adierazpenetan, osoko bilkuran gertatutakoetan "bi kontu ezberdindu behar dira: edukiak eta modua". "Edukiei dagokionez, PPren immigrazio politikaren kontra egindako kritika berretsi behar dut", azaldu du.

"Moduak" hizpide hartuta, adierazpenak "testuinguruan kokatu" behar direla nabarmendu du Izagirrek. Nabarmendu duenez, azken legegintzaldi honetako osoko bilkuretan "etengabekoak izan dira alkate honen eta udal gobernuaren kontrako ahozko gehiegikeriak eta akusazioak, baina, hori gorabehera, udal gobernuak ez du "inoiz kereilen bidea abiatu, bakearen eraikuntzaren eta normalizazioaren bidean, ez delako komenigarriena".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PP Donostia bideoak EH Bildu Gipuzkoa