Politika -

Bake prozesua

Autokritika eta konpromisoa eskatu dizkio Erkorekak ezker abertzaleari

Armagabetzeari dagokionez, 'ETA luzamendutan' dabilela uste du Erkorekak eta horren atzean estrategia garbia ikusten du: 'Negoziazio politikorako presio bezala erabili nahi du ETAk bere armategia'.

Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea.
Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea.
Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak eskari zuzena egin die ezker abertzaleari eta ETAri: anbiguotasuna eta kalkulu politikoa alde batera utzi eta Bakerako Lantaldea berriro abian jartzeko konpromisoak bere gain har ditzatela. Horretarako, iraganaren autokritika, armak uzteko konpromisoa eta egindako mina aitortzea ezinbestekotzat jo ditu Erkorekak.

ETAren armagabetzearen inguruan, talde armatua luzamendutan dabilela uste du Erkorekak, eta horren atzean estrategia garbia ikusten du; "negoziazio politikorako presio bezala" erabili nahi du ETAk bere armategia, bozeramailearen  hitzetan. Europa Pressi eskainitako elkarrizketa batean, buruzagi jeltzaleak adierazi du Hasier Arraiz Sortuko presidenteak zoru etikoaren inguruan ez duela ezer berririk proposatu.

Gasteizko Gobernuko bozeramaileak esan duenez, Andoni Ortuzar EBBko presidenteak joan den astean ezker abertzaleari egindako eskaria ere bide horretatik zihoan. "Euskadiren estatus berri baten inguruko nazio itun bat erdiesteko, ETAk bere desegitea iragarri behar du behin betiko. Ezinezkoa da etorkizunera begiratzea, iragana eta oraina kontuan hartu gabe. Bakerako Lantaldea desblokeatzeko konpromisoak ezin dituzte alde batera utzi. Ezin dute etorkizunaren eraikuntzan elkarlanean aritzea eskatu, iragana aintzat hartu gabe", gaineratu du.

Erkorekaren hitzetan, "etorkizunerako estrategia partekatu bat eraikitzeko oinarria da iragana". Hori dela eta, ezker abertzaleari gogoratu dio EAJk helburu jakin horrekin egin diola proposamena eta hartutako konpromisoei anbiguotasunik gabe erantzutea beharrezkoa dela.

ETAren azken agiriari buruz, Erkorekak esan du ETA giza eskubideei buruz aritzea "iseka onartezina" dela. "Bere ibilbide osoan giza eskubideak urratu dituen talde batek giza eskubideak aldarrikatzea sarkasmoa da", esan du.

EH Bilduren 'Euskal Bidea' ere izan du hizpide Erkorekak. 2015a hauteskunde urtea dela eta hauteskunde-giro horretan kokatu du 'Euskal Bidea' aurkeztea. Duela lau urteko udal eta foru hauteskundeetara Bilduk antzeko proposamena eraman zuela esan du Erkorekak, baina ez duela bete nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea