Politika -

Epaia

3 urteko kartzelaldia, Kukutzaren okupazioagatik epaitutako batentzat

Bestalde, epaileak absolbitu egin ditu gainerako auzipetuak, usurpazio deliturik ez dagoela ebatzita.

EFE
EFE
Kukutza auzian auzipetuetako bati hiru urteko kartzela ezarri diote

0:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kukutzaren okupazioagatik epaitutako 23 lagunetako bati hiru urteko kartzela zigorra ezarri diote "agintearen aurkako atentatua" egotzita. Hala ere, epaileak absolbitu egin ditu gainerako auzipetuak, usurpazio deliturik ez dagoela ebatzita.

Hori jasotzen du urtarrilaren 28an, 29an eta 30ean Bizkaiko Auzitegian egindako epaiketaren epaiak.

Fiskalak hiru urte eta egun bateko kartzela zigorra eta 960 euroko isuna (8 euro egunean lau hilabetean) eskatzen zuen inputatuetako bakoitzarentzat, eraikineko teilatutik ertzainei objektuak botatzea leporatuta.

Iñaki Carro defentsa abokatuak helegitea aurkezteko asmoa iragarri du. Azaldu duenez, Kukutza jendez hustu eta hiru urte eta erdira, usurpazio deliturik ez zela egon zehaztu du epaileak eta "bertsio ofiziala deseginda gelditu da". Horren esanetan, epaiak azpimarratzen du eraikinaren jabea zen Cabisa enpresak "ez zuela ez saltzeko, ezta alokatzeko asmorik ere".

Epaia ezagutu ondoren, Kukutzaren Elkartasun Taldeak lehen balorazioa egin du.

Hiru urteko kartzela zigorraren harira, honakoa dio Kukutzaren Elkartasun Taldeak: "Epaileak ez ditu kontuan izan ertzainen arteko kontraesan ugariak, eta haietako baten testigantzan soilik oinarritzen da. Ertzainek pertsona bat zauritu zuten, eta, gerora, haiei eraso egin izana egotzi zioten. Hain zuzen, kanpotik jaurtitako pilotakadetako batek zauritu zuen kidea".

"Kukutza kendu ziguten, eta mendekuan jarraitu nahi dute. Epaiketa honetan, bi munduren arteko talka argi geratu da. Bada, gure partetik aurrera jarraitzen dugu, okupatzen eta gure bizitzak guk geuk kudeatu eta defendatzen jarraitzen dugu. Elkartasunez, egongo diren deialdietara adi egotera dei egiten dugu. Hau ez da horrela geldituko. Berando baino lehen, herriak Kukutza suntsitu zuten espekulatzaile, epaile, agintari eta poliziak epaituko ditu", gaineratu dute.

Bestalde, Kukutzarekin Elkartasun Taldeak mobilizazioak iragarri ditu epaia salatzeko.

Aspaldian erabiltzen ez zen eraikin industrial batean kokatua zegoen Kukutza gaztetxea eta urte askoan irekita egon zen, harik eta Ertzaintzak 2011ko irailaren 21ean jendez hustu zuen arte, eraikineko jabeek hala eskatuta.

Eraikinaren huste prozesuan eta ondoren izandako istiluetan 64 pertsona atxilotu zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Bilbo Zer gertatu da gaur Bizkaian? Epaiketak Gaurko titularrak Albisteak Espetxeen albisteak gaur Gazteak gaur