Politika -

Aurrekaririk gabeko agerraldia

Mas Kataluniako Parlamentuan galdekatuko dute Pujol auziagatik

Pujolen ezkutuko herentziagatik eta IATen auziarengatik azalpenak eman beharko ditu Kataluniako presidenteak, aurrekaririk gabeko agerraldi batean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Generalitateko presidenteak agerraldia du gaur Kataluniako Parlamentuan Pujol auziaren harira sortutako ikerketa batzordean. Katalunian ez da inoiz halakorik gertatu, aurretik horrelako batzordeetan kontseilariak bakarrik aritu baitira, ez presidenteak.

Parlamentuko iturrien arabera, agerraldiaren nondik norakoak Kataluniako Gobernuaren eta Pujol auziaren ikerketa batzordeko presidentearen (David Fernandez-CUP) artean adostu dute, Parlamentuak presidentearen eta Gobernuko kideen ohiko agerraldiak bakarrik arautzen dituelako.

Horiek adostutakoaren arabera, 16:00etan hasita, 30 minutuko hitzaldia egingo du Masek. Ondoren, taldeek galderak egiteko txanda etorri da, talde handienetik txikienera (CiU izango da azkena galdetzen), eta presidenteak taldeka erantzungo ditu.

Jarraian, galdera gehiago egiteko aukera izango dute taldeek, baina bigarren txanda horretan, Artur Masek denei batera erantzungo die.

Lautan aurka bozkatu ostean, urtarrilaren amaieran eskatu zuen ERCk Artur Masen agerraldia. Aurretik erabilitako estrategia goitik behera aldatu zuten errepublikanoek Mas batzordera deituta. Izan ere, ERCk uste zuen CiUren buruak Parlamentuko erakundeen inguruko batzordean azalpenak bere kabuz emango zituela, baina irailerako hauteskundeak deituta (martxorako nahi zituen Oriol Junquerasek) eta IATen auzian Mas nahasten zuten informazioak agertu ondoren, agerraldia eskatu zuten azkenean errepublikanoek.

Bozeramaile batzuk, aukeratu gabe

ERCren aldetik, Oriol Amoros izango da bozeramailea eta Masi galderak egiteko arduraduna. PSCk eta PPCk gaur bertan aukeratuko dituzte euren bozeramaileak.

Sozialisten eleduna, Maurici Lucena batzordeko bozeramailea edo Jordi Terradas diputatua izan daiteke, baina ez dute baztertu Miquel Iceta PSCko burua izatea Mas galdekatzeko arduraduna.

PPCri dagokionez, Alicia Sanchez-Camacho izan daiteke aukeratua, baina Enric Millo bozeramailea edo Santi Rodriguez diputatua ere izan daitezke.

ICV-EUiAk eta Ciutadansek hala erabakita, Joan Herrera eta Albert Rivera buruzagiak izango dira Generalitateko presidentea galdekatzeko arduradunak. CUPek Quim Arrufat jarriko du lan horietan.

CiUk, ordea, ez du bozeramailea aukeratu. Iturri batzuen arabera, baliteke Jordi Turull Parlamentuko bozeramailea hautatzea horretarako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Ustelkeria politikoa gaur Jordi Pujol