Politika -

'Falciani zerrenda'

Iruzurra saihesteko 'erabateko aldaketa' egin du Suitzako HSBC bankuak

Suitzako filialaren zuzendari nagusiak iragarri duenez, 'banketxeko estandarrak betetzen ez zituzten kontuak itxi' egin dituzte.

'Erabat aldatu" dela agertu du HSBC banketxearen Suitzako filialak. EFE
'Erabat aldatu" dela agertu du HSBC banketxearen Suitzako filialak. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

HSBC banketxe britainiarraren Suitzako filialak iragarri duenez, iruzurra saihesteko 'erabateko aldaketa egin du', hainbat lagun ezagunek euren dirutza ezkutatzeko erabili zutela jakin eta gero.

Le Monde egunkaria buru, munduko hainbat komunikabidek Herve Falciani informatikoak filtratutako milaka bezeroren bankuko datuak atera dituzte. Kaleratutako informazioaren arabera, Mohamed VI. Maroko erregeak edo Emilio Botin Santander banketxeko presidente zenak dirua gorde zuten HSBCko filialean, euren herrialdeetako zergak ez ordaintzeko.

Hedabideok zabaldutakoaren arabera, banketxearen Suitzako filialak 180.000 miloi dolar gorde zituen ustez iruzurra egiteko, dirua zuritzeko eta nazioarteko terrorismoa finantzatzeko erabili zirenak.

Oharra kaleratu du Franco Morra Suitzako filialaren zuzendari nagusiak 'Falciani zerrenda'ren eskandaluari aurre egiteko eta jarrera irmoa agertu nahi izan du: "Euren betebehar fiskalak eguneratuta ez zituzten bezero batzuk izan ditugu HSBC Private Banken. Orduan genituen estandar eta onarpen maila ez dira onargarriak gaur egun", aitortu du banketxeak.

Morraren arabera, kontu guztiak sakon aztertu zituen filialaren zuzendaritza berriak eta "banketeko estandarrak betetzen ez zituzten kontuak itxi' egin dituzte. Izan ere, argitu duenez, "finantza-kriminalitatearen inguruan ditugun eskakizunak betetzen ez dituzten bezeroak ez ditugu gurean nahi". Era berean, barne-kontrolak areagotu dituztela iragarri du Morrak.

"Suitzako banketxe pribatuaren eredua onargarria ez dela agerian utzi dute" gaur zabaldutako informazioek, Morrasen iritzian.

Suitzak ez du auzia ikertuko

Eskandalua gorabehera, Suitzak ez du HSBCren edo haren zuzendaritzaren kontrako auzibiderik abiatu eta bertako fiskalek ez dute ikerketa hasteko eskatu. Are, 'Falciani auzia'ren harira zabalik dagoen auzibide bakarra Falcianiren beraren kontrakoa da, finantza-espioitza, bankuko sekretua urratzea, eta bezeroen datuak bidegabe lortzea egotzi diote eta.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruzurrak albisteak Suitza albisteak gaur