Politika -

Zerga-ihesa

Podemosek Falciani fitxatu du iruzurraren aurkako txosten bat egiteko

Paradisu fiskalen kontrako borroka beti alderdiaren lehentasuna izan dela gogorarazi du Luis Alegre Podemoseko Barne Parte-hartze idazkariak.

Herve Falciani informatikaria. Artxiboko irudia: EFE
Herve Falciani informatikaria. Artxiboko irudia: EFE
Herve Falciani informatikaria. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herve Falciani informatikariak alderdiarentzako txosten bat egin behar duela iragarri du gaur Luis Alegre Podemoseko Barne Parte-hartze idazkariak. Horrela, iruzurraren eta zerga-ihesaren aurkako neurriak proposatuko ditu Falcianik txostenean.

Podemoseko Koordinazio Batzordeak gaur bilera egin eta gero, Falcianik paradisu fiskalen aurkako ikerketa bat egitea onartu duela azaldu du Alegrek prentsaurrekoan. HSBC Suitzako filialetik milaka iruzurgileren zerrenda bat ostu eta Frantziako buruzagien esku utzi zuen informatikariak 2009an.

Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak Falcianirekin bideokonferentziaz hitz egingo du arratsaldean lankidetza akordioaren xehetasunak zehazteko.

Nazioarteko hedabideak Falcianiren zerrendako lehen izen-abizenak argitaratzen hasi dira astelehen honetan. Hain zuzen ere, HSBC banketxe britainiarraren Suitzako filialean dirutza ezkutatuta duten "milaka" pertsona ospetsuren izenak daude zerrenda horretan, besteak beste, Emilio Botin Santander Bankuko presidente ohia, Mohamed VI Marokoko erregea eta Abdala II.a Jordaniako erregea.

Paradisu fiskalen kontrako borroka beti alderdiaren lehentasuna izan dela gogorarazi du Podemoseko Barne Parte-hartze idazkariak. Zentzu horretan, Europako Parlamentuan 'Villarejo zuzentaraua' aurkeztu zutela esan du Alegrek, ustelkeriaren eta zerga-ihesaren kontrako hainbat proposamenekin. Alderdiaren lehen ekimenen artean dagoela erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ahal dugu albisteak