Politika -

2015eko udal hauteskundeak

Albisturren hautagaitzak liskarra piztu du EAEko PPren baitan

Llanosek aitortu du desadostasunak izan direla Gipuzkoan, baina hautagaiak zuzendaritzaren eta Semperren babesa duela azpimarratu du; baina, azken horrek ukatu egin du.

Nerea Llanos Euskadiko 'popularren' idazkari nagusia. Artxiboko irudia: EiTB
Nerea Llanos Euskadiko 'popularren' idazkari nagusia. Artxiboko irudia: EiTB
Donostiako PPk gaizki hartu du Miren Albisturren hautagaitza

0:58

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miren Albistur eta Luis Eguiluz izango dira, hurrenez hurren, PPren Donostiarako eta Bilborako alkategaiak maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan.

Nerea Llanos Euskadiko popularren idazkari nagusiak prentsa agerraldia egin du gaur Gasteizen eta PPren Donostiako eta Bilboko zerrendaburuak aurkeztu ditu. Azaldu duenez, alderdiak "hiritarren benetako arazoak antzemateko eta konpontzeko gai diren, eta kaleari lotuta dauden hautagai ausarten" aldeko apustua egin du.

PPren Euskadiko idazkari nagusiak aitortu du desadostasunak izan direla Donostiako zerrendaburua aukeratzeko garaian, Ramon Gomez gaur egun Donostiako Udalean PPren bozeramailearen hautagaitzaren inguruan. Llanosen esanetan, alderdiaren zuzendaritzak "epaile" lanak egin behar izan ditu "batzorde nazionalaren babesa duen zerrenda bat adosteko".

Llanosen arabera, Miren Albistur aukeratu izanak ez du esan nahi Ramon Gomezek hautagai izateko baldintzak betetzen ez dituenik, baina zenbaitek harekiko "errezeloak" zituztela aitortu du.

Dena den, Miren Albisturrek zuzendaritzaren eta Borja Semper Gipuzkoako popularraren presidentearen babesa duela azpimarratu du Llanosek.

Harridura eta haserrea Gipuzkoako PPn

Borja Semperrek ukatu egin du hautagaitza horri babesa eman dionik eta, ondorioz, Ramon Gomez hautagaitzatik kentzeko erabakiarekin bat ez datorrela erantsi du.

Nolanahi ere, EiTBk Gipuzkoako Alderdi Popularraren iturrien bitartez jakin ahal izan duenez, Semperrek ez du dimisioarik aurkezteko asmorik.

"Arabako alderditik urruntzeaz gain, PPko zuzendaritza Gipuzkoako popularrengandik ere urrundu da", kritikatu dute aipatu iturriek.

Izan ere, Albisturren hautagaitza "Arantza Quirogaren aldebakarreko erabakia" dela salatu dute Gipuzkoako popularrek. Gainera, erabaki horrekin alderdiaren "estatutuak urratu" daitezkeela ohartarazi dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alderdi Popularra Bilboko azken albisteak Donostia