Politika -

Iritzi-artikulua idatzi du

Lamarca: 'Ezin badugu lana ondo egin, zintzoena Arartekoa kentzea da'

Iñigo Lamarcak kezka agertu du PPk Arartekoa "murrizteko" Legebiltzarrean egin duen proposamena dela-eta.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Lamarca Arartekoak kezka agertu du PPk erakunde horretako lantaldea murrizteko Eusko Legebiltzarrean egin duen proposamena dela-eta.

El Diario Vasco egunkarian kaleratu duen iritzi-artikuluan, Lamarcak esan du Arartekoa “gainez eginda” dagoela, eta honakoa gaineratu du: “Arartekoak ezin badu bere lana ondo egin, zintzoena erakundea ezabatzea da”.

Arartekoaren bulegoa “benetan nahi duten ala ez” argi eta garbi esan dezatela eskatu die Iñigo Lamarcak alderdi politikoei, eta Arartekoak egiten duen lana Legebiltzarrean behin baino gehiagotan goraipatu dutela nabarmendu du.

“Eskubideen kontrola eta defentsa zeregin nagusi duen erakundea da Arartekoa 1985ean sortu zenetik”, baina zeregin hori duen erakunde batek “ez badauka nahikoa baliabide ondo eta zorrotz aritzeko, zuzenena ezabatzea litzateke”, Lamarcaren esanetan.

Iñigo Lamarcaren hitzetan, horixe da Espainiako Gobernuak eta UPyDk eskatzen dutena, herri-defendatzailea desagerraraztea.

Legebiltzarrean PPren ekimenez aztertu berri den lege-proposamenaren aurrean, Arartekoan gaur egun lanean ari diren langileei buruzko datu zehatzak eman ditu Lamarcak, datuak zuzentze aldera. Legebiltzarrean alderdiek datu okerrak eman zituzten, Lamarcaren aburuz, eta kritika zehatzak egin dizkio PPri eta EH Bilduri.

Legeak arlo horretan ere zehazten duena “zorrotz” betetzen duela nabarmendu du Lamarcak, eta Arartekoari lana biderkatu bazaio ere, ekonomiaren krisiak eraginda, Arartekoaren bulegoari aurrekontua murriztu zaiola eta langileei soldata jaitsi zaiela salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra albisteak Ararteko albisteak