Politika -

Ekitaldia Barakaldon (Bizkaia)

Pedro Sanchez: 'PSOE ari gara jada aldatzen'

Tomas Gomezen kaleratzeari aipamen zuzena egin gabe, sozialisten idazkari nagusiak esan duenez, "PSOE garbia, irekia eta irabazle baten alde egin behar dugu, ez naizelako gutxiagorekin konformatuko".

Pedro Sanchez PSOEko burua. Argazkia: EiTB
Pedro Sanchez: 'PSOE aldatzen ari gara dagoeneko'

0:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez PSOEko buruak igande honetan gogora ekarri duenez, "joan den uztailean idazkari nagusi hautatu nindutenean, alderdia aldatzeko agindua jaso nuen, eta hori egiten ari naiz". Halaber, "PSOE garbia, irekia eta irabazle" baten alde egin du Sanchezek.

Tomas Gomezen kaleratzeari eta PSMen barnean sortutako krisiari aipamen zuzena egin gabe, Sanchezek ohartarazi du irabazteko asmoarekin egin behar diola aurre PSOEk hauteskundeei, "alderdi irabazlea baita".

"Ez naiz gutxiagorekin konformatuko", azpimarratu du PSOEko buruak. Halaber, "bihotzez sozialistak" direnei deia egin die, "alderdiko txartela izan ala ez izan", maiatzeko hauteskundeetan eta hauteskunde orokorretan irabazi ahal izateko.

Sanchez PSE-EEko buruzagi nagusiekin izan da Barakaldon (Bizkaia), eta PPren aurka egin du, "pentsioak edo menpekotasunerako diru-laguntzak ikutuko ez zituela esan ostean, kontrakoa egin duelako". Horren aurrean, "eskumak lapurtutako" eskubideak berreskuratzearen alde azaldu da.

"Zikinkeriak estali baino gehiago, garbitu egin behar dira; guk garbitzen dugu, haiek zikinkeriak ezkutatzen dituzten bitartean", salatu du.

Susperraldi ekonomikoa

Barakaldon izandako ekitaldi batean izan da Sanchez, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiarekin batera. "Presidente, presidente" oihuen artean hartu dute Sanchez.

Sozialisten buruak iragarri duenez, Moncloara heldu bezain laster, lan-erreforma bertan behera utziko du, eta krisia gaindituko dugula esan du, "baina eskuma Gobernuan geratzen bada, ez da susperraldi bidezkoa izango".

"Gezurra da hazkundearen eta eskubideen artean hautatu behar izatea", adierazi du, "PPk bi horien artean aukeratzera behartu nahi gaitu, baina guk ez dugu tranpa neoliberal hori onartuko".

Halaber, klase ertaina "suntsitu" duela egotzi dio PPri, ondorioz, "PSOEri dagokio itxaropena izango duen herrialdea eraikitzea". "Espainiak ez ditu zatiketa gehiagorik jasango", nabarmendu du.

'Etxegabetzerik gabeko Espainia'

Bestaldetik, "politikan printzipioen eta etikaren unea" dela esan du, eta eskumari egotzi dio "finantza-sistema erreskatatu izana, etxegabetzeak onartzen dituen bitartean". "Etxegabetzerik gabeko Espainia", iragarri du Sanchezek.

Gainera, "edozein esplotazioaren aurka borrokatuko" duela iragarri du. "Rajoy geratzen bada, murrizketei eta pribatizazioei eutsiko diegu, eskuma geratzen bada, ez dugu susperraldi bidezkoa izango".

Krisia PSMn

Bestalde, Amparo Valcarce Madrilgo Batzarreko diputatu sozialistak PSMko zerrendaburu izateko desioa azaldu du. Gainera, Valcarcek esan duenez, PSOEk "hitz egiteko eta erabakitzeko gaitasuna itzuli behar die militanteei".

"Badakigu zer gertatu den. Orain PSOEk hitz egiteko eta erabakitzeko gaitasuna itzuli behar digu militanteoi, eta hautestontzi irekiak eta demokrazia nahi ditugu", adierazi du diputatuak, Tomas Gomezen kaleratzeari buruz galdetu diotenean.

Horren harira, Valcarcek hauteskunde primarioak eskatu ditu. "PSOE Espainiako alderdi demokratikoena da, eta Madrilgoa ez da salbuespena izango, gainera, prozesu hori egiteko denbora dago", nabarmendu du.

Gabilondo

Madrilgo Erkidegoko presidentetzarako PSOEren hautagaitzaren inguruan "ezer itxita ez" dagoela esan du Angel Gabilondo Hezkuntza ministro ohiak igande honetan.

Bera zerrendaburu izateko aukeraren harira, Gabilondok esan duenez, berarekin hitz egiten badute, horretaz pentsatuko du, eta ondoren erabakia hartuko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PSOE Pedro Sánchez argazkiak