Politika -

Estatu egiturak

Gardentasun eta Trantsizio Nazionaleko ordezkariak izendatu ditu Masek

Bestalde, Estatu egiturak sortzeko “funtsezko esparruetan” ERCko teknikariek parte hartzeko atea zabalik utzi du Generalitateko presidenteak.

Artur Mas Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE
Artur Mas Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE
Artur Mas presidenteak estatu egiturak eratzeko bideari ekin dio

1:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irailaren 27ko hauteskundeak egin arte Kataluniako Gobernuan Gardentasun eta Trantsizio Nazionaleko bi mandatari barneratzea erabaki du Artur Mas Generalitateko presidenteak. Gainera, Estatu egiturak sortzeko “funtsezko esparruetan” ERCko teknikariek parte hartzeko aukera zabalik utzi du Masek.

Ia bi orduko agerraldia egin du gaur Masek. Legealdia bukatzeko falta diren hilabeteetarako Gobernuaren lehentasunak finkatu ditu Generalitateko presidenteak.

Bide orria

CiUren inguruan agertutako ustezko ustelkeria kasuek polemika sortu dutenean eta irailaren 27ko hauteskundeei begira ERCrekin bide orria negoziatzeko unea heldu denean, trantsizio nazionalerako ordezkari bat eta gardentasunerako mandatari bat izendatuko dituela iragarri du Masek. Carles Viver Pi-Sunyer jurista eta aholkularia trantsizio nazionalerako ordezkaria izango da, eta Nuria Bassols jurista gardentasun mandataria.

Bi ordezkariek Gobernuaren bileretan parte hartu ahal izango dutela ziurtatu du Masek. Bi figurak sortzeko erabakia berak hartu duela azaldu du buruzagiak, hau da, ERCrekin ez ditu adostu.

Hala ere, Esquerrako teknikariek “Estatu egiturak”, hazienda propioa esaterako, sortzeko funtsezko esparruetan parte hartzeko atea zabalik utzi du Masek, baina izenak eta lanpostuak oraindik erabaki ez dituztela ziurtatu du.

Hala eta guztiz ere, ERCko teknikariek esparru teknikoetan bakarrik parte hartuko lukete; izan ere, Exekutiboa birmoldatzea baztertu du Masek, “egungo egiturak desegiteko” unea ez delako.

Azpiegituren egitasmoa

Gainera, Exekutiboak azpiegitura estrategikoen plan bat garatuko duela esan du Masek. Generalitateko presidentearen hitzetan, hauteskundeen ostean, independentzia prozesu bat gertatu eta Estatuarekin “deskonexio” bat gertatzen baldin bada azpiegitura estrategiko horiek prest egon beharko lirateke.

Era berean, Kanpo ekintza Vienako eta Erromako ordezkaritza berriekin sendotuko dutela ziurtatu du Kataluniako buruzagiak. Irailaren 27ko hauteskundeen ostean, Gobernuan jarraitzen baldin badu, Atzerri Departamentu (egun Idazkaritza bat da) bat sortuko duela aurreratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak